Urteko 23. igandea A (2014-09-07
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelio honetan bi gai nabarmendu daitezke. Bata: «zure elkarteko batek “bekatu egiten badu” edota “bekatu egiten badu zure kontra”, zoaz eta zentzarazi ezazu…». Bestea: «zuetako bi elkartzen badira zerbait eskatzeko nire izenean, eman egingo die zeruko nire Aitak».

Agian, ordea, bi gai ez, baizik bakarra dela esan beharko genuke. Otoitzarena, bekatu egin duena zentzarazteko bide eta baldintza bezala hartzen bada.

Gaurko testu hau behar bezala ulertu eta bizitzeko giltza, pasarte honen aurretik datorrenak ematen digu, Mateo 18,12-14ak. Hain juxtu, ardi galduaren parabolako azken esaldiak: «Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik».

Zeruko Aitaren salbazio-asmo hau, Jesusen Espirituak bihotzean txertatzen ez badigu, nekez beteko dugu gaurko pasarte honetako Jesusen gomendioa: Jainkoak ez du nahi inor gal dadin. Guztiok salba gaitezen nahi du.

Horiek horrela, Mateo ebanjelariak bere kristau-elkartean ikusten zuen egoeraren berri ematen digu. Elkartea ez zen bete-beteko elkartea. Akats handiak zituen. Baziren elkartearen kontra ari ziren kideak. Zer egin halakoekin?

Jakina, honekin, geure Elizari, geure gizarteari, geure munduari begiratu maitekor bat ematera eragiten digu guztioi. Geure Elizari, gizarteari eta munduari diot, zeren nekez hitz egin baikenezake geure artean Mateorena bezala elkarte batez. Izan ere, ba al da gure artean egiazko elkarterik?

Galdera hori galdera bezala utzirik, gaurko pasartean ageri den espiritu horretaz gogoeta arin bat bederen egin beharko genuke. Ondoren, hedaduraz zabalagoak eta barne-loturaz elkarte bat bezain estuak ez diren Elizari, gizarteari, munduari aplikatu ahal izateko.

Hasteko, lehenengo irakurgaian Ezekiel profetak agertu digun konpromisoa behar dugu hartu kontuan. Pertsona baten okerraren aurrean, ezin egin dugu ezikusiarena; adibidez, bakearen izenean. Askoz gutxiago, tartean konplizitate makur bat baldin bada. Pertsona baten okerrak, norberari ez ezik, gizarteari ere kalte egiten dio. Ez zara zeu bakarrik salbatuko, ez zeu bakarrik galduko. Beraz, guztioi dagokigu bakar baten egintza. Gainera, kontuan hartu beharko genuke, zenbateraino den egintza bat pertsona bakar batena.

Baina, egin duen hau eta bestea begi aurrera jartzera, inorengana joan aurretik, geure buruari begiratu bat eman beharko genioke. Segur aski, on egingo liguke horrek, beste bati begian lasto-izpia duela esatera ez joateko, geurean habe bat dugunean. Eta, bigarren, inoren okerra zuzentzera joatekoan, beharrezkoa izango genuke otoitz egitea. Joan aurretik, Jesusen Espirituak gure bihotza, adimena, mihia… argitu ditzan, eta maitasunez bete. Eta joan ondoren, oker egilearekin egon ondoren, Jesusen Espirituri erregutzeko, haren bihotza eta adimena argitu eta garbi ditzan, eta maitasunez bete.

Eta esandakoaren aplikazio labur eta arin bat egite aldera, gauza bakar bat, apaltasun osoz, baina bihotz barru-barrutik. Zentzurik ba al du, gaur egun, ETAkoak omen diren presoak kartzelan edukitzeko? Nolatan izan daitezke ETAkoak, praktikan eta egiaz esateko, gaur ETArik ez badago? Preso izatearen erreferentzia hura galdurik baldin bada, zer dela-eta jarraitu erreferentzia hura galdua denean erreferentzia hura bizirik balego bezala? Esateko, joan den aste honetan entzun dugu, kartzelatik irten berria zen batek amaginarreba hil duela eta andrea zauritu; horretan badirudi ez dutela oso argi eta azti jokatu preso hori askatu dutenek. Baina ETAkoak omen direnen kasuan ez da horrelakorik: ETAk eraman bazituen leporatzen zaien delitua egitera, ETA desagertzean desagertua dago kartzelatzearen kausa.

Benetan, konklusio honetara, hasieran aipatu dudan zeruko Aitaren gogoarekin bat egin nahi izateak ekarri nau, aspaldi samarretik. Baina esan dezadan, beste behin, Aitaren nahi hori ez dagokiola geroko biziari bakarrik. Ez, zeruko Aitaren nahia gaurtik hasten da; salbazioa mundu honetan bertan nahi du zeruko Aitak: «Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik».