HIRUTASUN SANTUA A 2017-06-11

SARRERA

Senideok, Pazkoaldia bukatu dugu. Gaur Hirutasun Santuaren jaia dugu: Aita, Semea eta Espiritu Santua.
Zenbat aldiz ez ote dugu aipatzen Hirutasuna geure otoitzean? Batez ere, mezakoan? Hirutasun Santuaren izenean hasten dugu meza: Aitaren eta Semearen eta Espirituaren izenean. Garizuman izan ezik, Hirutasuna goratuz abesten dugu Aintza. Segidako otoitza Hirutasunaren izenean bukatzen dugu ia beti, etab.
Halere eta horrez gain, geure liturgian, aipamen eta jai berezia eskaini nahi diogu Hirutasun Santuari: gaurkoa.
Hirutasun Santuaren misterioa gure adimenaren gainetik dago. Hirutasunaz zerbait ulertzeko bide bakarra, geure artean, gizon-emakumeen artean, bizi dugu elkartasuna da: bi edo hiru edo gehiago pertsonak elkar maitatzea da bide bakarra Hirutasun Santuaz zerbait ulertzeko. Jainkoa ez da bakardade bat; bakarra da baina, aldi berean, elkartasuna.
Jakin dezagun eta kontenplatu bihotz-harriduraz: Jainkoa maitasun da. Ondo asko agertu digu hori Jesusek nola maite duen bere Aita. Gizon-emakume guztiak bat izan daitezela, zu eta ni bat garen bezala; ezin batasun estuagoa.
Agian, errazago egingo zaigu beste hau: Jainko Aitak bere Semea bidali du gure artera, Semeak bere bizia eman du gu askatzeko, eta Espiritu Santuak Semearen egitekoa jarraitzen du munduan, hura zerura joan ondoren. Jainkoak gorroto dio bakardadeari. Gurekin ere bat egin nahi du bete-betean.
Senideok, jakin dezakeguna baino mila bider handiagoa da egin dezakeguna: apal-apal baina poz-pozik gurtu, adoratu, aintzatu, eskerrak eman. Adoratzen zaitut, ene bihotzeko Hirutasun Santua!

LEHENENGO IRAKURGAIA Irteera liburutik (34,4b-6.8-9)

Israel herria, Egiptotik ihesi doala, Sinai mendian dago. Moises mendian dela, herriak idolo bat egin du. Menditik itzultzean, Moises, herriaren jokabidearen berri izatean, lur jota gelditu da.
Halere, herriaren alde otoitz egin dio Jainkoari. Eta berriro doa mendira Jainkoaren aintza ikusi nahian.
Jainkoa agertu zaio, bai, baina Moisesek uste ez zuen bezalako agertu zaio: errukitsu, gupidatsu, pazientzia handiko, hitzeko, leial, bihozbera. Jainkoaren handitasuna ez datza handi-mandi agertzean. Hitz batean esateko, gizakiaren hurbil-hurbileko da. Juduen Jainkoa eta kristauon Jainkoa, gizon-emakumeon historian agertu zaigun Jainkoa da. Gure erlijioa historia da, salbamen-historia. Gure historian bat egin du eta egiten du Jainkoak gurekin.
Hirutasun Santua, gozatu eta lilura gaitzazu zeure maitasunaz.

BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (13,11-13)

Korintoarrei egindako gutun hau Kristo ondo berrogeita hamazazpigarren urtean idatzi zuen Paulok, Efesotik; Jesus hil eta hogeita zazpi urtera, gutxi gorabehera.
Gaurko pasarte honetan, pozik bizitzeko erregutzen die eta digu. Eta pozaren pozez, lan egiteko, elkartean sentiera bera izateko, bakean bizitzeko. Bukaeran, berriz, Hirutasunaren izeneko agurra egiten die eta digu. Geure mezaren hasieran askotan egin ohi dugun agurra da: Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (3,16-18)

Jesusek eta Nikodemo fariseuak izan zuten solasaren zatia da gaurko pasarte hau. Elkarrizketa honek hiru une edo memento ditu. Lehenengoan, Nikodemok aitortzen du Jesusen jauntasuna, baina Jesusek esaten dio ez dela aski aitortzea. Bigarrenean, Jesusek esaten dio, bera onartu ahal izateko, goitik jaio beharra duela, eta jaiotza hau bataioan gauzatzen den Espirituaren egintza dela. Azkenik, Jainkoak duen salbazio-egitasmoa agertu dio.
Gaurko pasartea hirugarren memento horri dagokio. Jainkoak mundua sinestezineko moduan maite du: mugarik gabe, aurreiritzirik gabe. Jainkoa Aita dela agertu du Jesusek. Horixe dugu Jesusen irakaspenetan handiena.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jainkoa maitasun hutsa, mugagabea eta aurreiritzirik gabea da; uste hori geure bihotzean barru-barruraino sartu ahal dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Pobre, gaixo, etorkin, etxerik gabeko, presoen alde: Jainkoak maite dituela konbentziturik bizi daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Mundu osoko herri-agintarien alde: bihotzez eta egitez herrien alde jarri eta joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen bildu garenon alde: geure artean bakea, elkartasuna, lankidetza landu ditzagun. Eska diezaiogun Jaunari.