HIRUTASUN SANTUA C 2019-06-16
SARRERA

Senideok, ongi etorri Eukaristiara. Gaur, Hirutasun Santuaren jaia ospatzen dugu: Aita, Semea eta Espiritu Santua.
Aita, gurekiko maitasun huts bezala ageri da: mundua kreatu du, gu kreatu gaitu. Eta mirari handiagoa oraindik: gizakia bere onetik erori denean, bere Semea bidali digu. Itun Zaharrean Jakinduria deitzen zaio Seme horri. Gizadiaren sorreratik egon da gizartean; gaurko lehen irakurgaiak horrela aurkezten digu: Aitak mundua egin zuenean, hor nengoen, eta gizon-emakumeekin jolasean pozten nintzen. Azkenean, Aitak erabaki duenean, guztiz esaneko agertu da Seme hori: gizadia salbatzera etorri da. Espiritua ere, Itun Zaharrean, hasieratik beretik zehar aipatu da. Gizakiaren bihotza du bere bizilekua.
Jainko Hirukoitz hori bihotz-bihotzez onartzera dei egiten digute, bai Aitaren maitasunak, bai Jesusen hitzak, bai Espirituaren arnasak.
Ā«AitarenĀ» egiten dugun bakoitzean, adoratu eta gurtu dezagula Hirutasun Santu hori. Eta gogoratu dezagula, guztiok anai-arreba garela.

ESAERA ZAHARRAK liburutik (8,22-31)

Orain entzutera goazen irakurgaia Jainkoaren Jakinduriaz mintzo zaigu; ez da ari, jakina, mundu honetako jakinduriaz. Jainkoak beti berekin duen jakinduria da; mundua kreatzean Aitak berekin izan duen jakinduria da, gizakiari bizitzan laguntzen diona, gizon eginik salbazioa ekarri diguna, Espiritu Santua bidali diguna.
Itun Berrian, hau da, Kristo ondoko liburuetan eta tradizioan, Jakinduria hori Jesu Kristorekin parekatzen da: Jesu Kristo da Jakinduria, Jesu Kristo da Aitaren Hitza, Jesu Kristo da Aitaren maitasuna agertu diguna. Jesu Kristo da benetako Jakinduria.

ERROMATARREI EGINDAKO GUTUNETIK (5,1-5)

Kristauen artean banaketarik ez egotea nahi du Paulok. Denok bekatari garela kontura gaitezen nahi du, eta, jakin dezagun, gure merezimendurik gabe salbatu gaituela Jainkoak Kristoren bidez. Gure oinarria, beraz, Aitagandik datozen bakea eta maitasuna dira; bide horretan ez da faltako nekerik. Baina bide horretan zati handia du maitasunak: kristauaren bizitzeko modua da, Jainkoaren bizitza bera da maitasuna.

EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK (16,12-15)

Jesus badoa, eta, agur egitean, gogoratu die ikasleei: Espiritu Santuak jarraituko duela berak hasitako lana; Espiritu Santua izango dutela berekin. Baina Espirituak Jesusengandik hartzen du dena.
Beraz, ez du balio esateak, niri Espirituak esaten dit hau edo hura; Jesusek esan duenarekin konforme ote dagoen ikusi behar da nik uste dudan hori.
Espiritu horrek eramango gaitu Jesus erabat ezagutzera, Jesusen Egia geure egia egitera.
Jesusek Aita aintzatu duen bezala, guk ere gauza bera egin behar dugu. Eta hau du Jainkoaren aintza: gizakia libre eta aske bizi dela ikustea. San Ireneok esan digun bezala.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Aita Santuaren, gotzainen, apaizen eta diakonoen alde, erlijioso eta erlijiosen alde, kristau fededun laiko konprometitu guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Herri-agintarien alde: legeak ezartzean eta gobernatzean, giza biziaren balioa eta duintasuna kontuan har ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Baztertuen, erbestetuen, presoen, indarkeria-mota guztien biktima direnen, etorkinen, langabetuen alde: haien deiadarra gizarteak entzun dezan, eta guztion maitasunaren eta konpromisoaren erantzuna izan dezan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Munduan, beren erlijioagatik, pertsegituak diren guztien alde. Eska diezaiogun Jaunari.