Hildako guztien oroitzapena (2014-11-02)
HOMILIA

Udazkenean gaude. Arboletako hostoak erortzen ari dira. Berriak etorriko dira. Baina erori direnek ez dute izango bizirik segitzerik.
Gizon-emakumeok ere erortzen ari gara. Ondoren, beste batzuk etorriko dira. Erori diren gizon-emakumeek eroritako hostoen zoria bera izango ote? Erori diren gizon-emakumeek ez ote dute izango bizirik segitzerik?
1972an, Errusiako ezkutuko aldizkari batek otoitz bat argitaratu zuen, azken mundu-gerlan hildako soldadu baten txamarran aurkitua. Alekxander Zazepe zen soldadua. Bizia galdu baino pixka bat lehenago idatzitako otoitza. Hona:
«Entzun, ene Jainko! Bizitzan ez dut sekula zurekin hitz egin, baina gaur jai egiteko gogoa etorri zait. Txikitatik esan izan didate, ezen zu ez zarela bizi… Eta nik, zoroa moduan, sinetsi egin dut hori.
Inoiz ez naiz jarri zuk egindako gauzak kontenplatzen; baina gau honetan, granada baten dirdaiaz, zerua izarrez josia ikusi dut, eta liluraturik gelditu naiz horien distirarekin. Orduantxe jabetu naiz zein izugarria den engainua… Ez dakit, ene Jainkoa, eskua emango ote didazun, baina zuk ulertzen didazula esan nahi dizut.
Ez ote da gauza harrigarria bizi dugun infernu beldurgarri honetan gaur niri argia agertu izana, eta nik zu aurkitu izana?
Jauna, ez dut beste ezer zuri esateko. Zoriona sentitu dut, ezagutu zaitudalako. Gauerdian eraso beharra izango dugu, baina ez dut beldurrik, zuk ikusten nauzu.
Eman dute seinalea! Joan beharra dut. Zein ondo nengoen zurekin hizketan! Esan nahi dizut, eta zuk badakizu, gudua gogorra izango dela: agian, gau honetan zure atean jo beharra izango dut. Eta orain arte zure adiskide izan ez banaiz ere, zugana joango naizenean, utziko al didazu sartzen?
Baina zer da gertatzen ari zaidana? Negarrez? Ene Jainkoa, begira zer ari zaidan gertatzen. Orain hasi naiz ikusten, orain bakarrik. Ene Jainkoa, banoa. Gauza zaila izango da ni bizirik itzultzea. Hau gauza harrigarria; hiltzeak ez dit ematen orain beldurrik». (Cantalamassa-k 2008-11-02ko Homilian).
Engainaturik bizi izan den soldadu baten aitormen zirraragarria da. Bizi duen kinka hori larria da. Ez daki bizirik aterako den. Duda handia du. Bere larrian esperantzarekin egin du topo.
Baina, galdera. Zein da zirraragarriagoa? Zein da harrigarriagoa? Zein da biziagoa? Gudu latz eta gogor horretan parte hartu beharra sentitzea? Ala momentu handi horretan sentitu duen argia? Sumatu duen esperantza? Ikusi duen Jainkoarekiko lagunartea? Nork eman dio barne-argi hori Jainko onak baizik? Jesusen Espirituak baizik?
Senideok, fedeak ez gaitu libratzen heriotzaren aurrean sentitzen dugun kezkatik. Heriotza guztiak ditu ilunak inguratzen. Jesusen garrasia da iluntasun guztien testigua: «Aita, zergatik utzi nauzu eskutik?»
Baina hor dugu aipatu dugun soldadu horren testigantza. Hor dugu, batez ere, Jesusen beraren testigantza.
Jesus, guretzat lekua prestatzera joan da, eta, mundu honetan bizi izan denean, leku hartarako bidea zein den agertu digu. Piztueraren lekua da. Sekula galduko ez den lekua. Ezin ahaztu dugu, goiz edo berandu herio hori bila etorriko zaigula. Baina sentimendu hori baino barnerago behar dugu gorde Jesusen hitz hau: «Ez bedi larritu zuen bihotza. Sinetsi Jainkoagan. Sinetsi nigan ere».
Gure lana, gure loa, gure jolasa, gure jana… denak behar du izan esperantza horren oihartzun. Geure otoitzean esplizitatu eta agerian jarriko dugun oihartzun: Hilzorian, Jauna, ez ni utzi bakarrik.