Hildako gizon-emakumeak (2019-11-02)
Homilia

Clunyko (Frantzia) Odilon abade beneditarrak eratu zuen jai hau bere monasteriorako 998an. «Santuen Jaia» izena eman zion. Askoz geroago Eliza osora zabaldu zen jaia.

Odilon 961ean jaio zen eta 1049an hil, Roberto Molesmeskoak 1098an Zistertar beneditar adar eraberritua fundatu baino urte batzuk lehenago

Jai honen fundazioaren milurtekoaren karietara, Joan Paulo II.a aita santuak Gutun bat idatzi zion Clunyko abadeari 1998ko ekainaren 2an. Ideia batzuk gutun horretatik hartu ditut.

Hildakoentzat otoitz egitean, Elizak, lehenik eta behin, Kristoren piztuera kontenplatzen du; bere gurutzeaz salbazioa lortu baitzigun.

Gurutzeaz, Odilonek dio: «Geure babes dugu gurutzea, geure bide eta bizi dugu gurutzea (…). Neure arma garaiezin dut gurutzea. Gaitz oro uxatzen du gurutzeak. Lainoak saretzen ditu gurutzeak».

Jai honetan gogoratzen dugu, Kristoren gorputz mistikoa bere azken batasunaren zain bizi dela, historiaren bukaeran gertatuko denaren zain; orduan atal guztiok zorion bete-betea lortuko baitugu. «Hain zuzen, Elizak salbazioa espero du beti bere seme-alaba guztientzat eta gizon-emakume guztientzat» (Joan Paulo II.a).

Heriotza behin betiko garaitua izango den esperoan, gizon-emakumeok erromes bizi gara lurrean; beste batzuk aintzaz gozatzen ari dira jada, Jainkoa kontenplatuz.

Kristori jarraituz bizi izan direnen bizitza kontenplatzeak animoa ematen digu bizitza eder eta esperantzazko bat bizitzeko. Izatez, «aditasun gizagaindikorako» deituak gara.

Ezin utzi diogu hildakoentzat otoitz egiteari, beraien familiartekoentzat otoitz egiteari. Ezin utzi diogu geure etxean eta ingurunean hil direnek bizi izan duten bizitza miresteari. Kontua ez da haiengan nabari izan ditugun ahuldadeei begi mizkinez begira bizitzea. Hau da jokabide eta begiratu jator eta kristotarra: haietako bakoitzak bere barnearen zokoenean bizi zuen edertasun miresgarriari erreparatzea, miresmenez.

Dionisio Amundarain