HAMABI EMAZTE JESUSEN BIZIAN

Zueri bezala (beharbada…) deigarria egin zait Anne Soupa andereak 2014an argitaratu liburuaren izenburua: “Douze femmes dans la vie de J├ęsus” (Ed. Salvator) eta gogoa eman daut hurbilagotik ikustea zer den liburuaren mamia, eta nola aztertzen dituen idazleak Jesusek bere denboran emazteekin izan zituen harremanak. Anne Soupa biblilaria da, hainbat liburu idatzi ditu eta Biblia aldizkariaren erredaktoreburu izana da.
Hamabi emazte aurpegi aztertzen ditu idazleak. Hamabi… zenbaki sinbolikoa: Jesusi jarraiki ziren hamabi apostoluak bezala, Israelgo hamabi leinuak bezala… Eta aldi berean fedearen hamabi itxura, hamabi sines-bide, hamabi sines-molde.
Aintzin-ohar gisa, erran behar da ez dituela sekula Jesusek emazteak tratatu beren sexuaren arabera. Sexu irizpidea bigarren mailakoa da. Horrek ez du erran nahi Jesus eta emazteen arteko harremanak “sexuatuak” ez zirenik. Dudarik gabe gizon-emazte arteko diferentziak bere tokia eta eragina bazuen Jesusek emazteekin izan dituen harremanetan, “normala” den bezala bakotxak bilatzen zuen bestearen konpainian bere buruari falta zitzaiona. Dena da “falta” edo “huts” hori onartzea eta harreman emankor baten bide eta mentura bezala bizitzea, jendekoitasunari lehentasuna emanez.
Xehetasun gehoiegietan sartu gabe, ikus dezagun nor diren hamabi emazte horiek eta zer ondorio atera daiteken Jesusek haiekin izan zuen harremanetarik.
Toki berezi bat du untzian bi sos ezarri zituen alarguntsa behartsuak. Jesusek ez du hunekin elerik trukatu, ez du ezagutu. Baina sekulako garrantzia emaiten du haren jestuari: adierazten du profeten hitza ez dela hila, baduela oihartzunik behartsuen eta xumeen eguneroko bizian, hor baitago Jainkoa. Adierazten du ere Israelen fedeak gaur egun kristau salbamenean duen tokia.
Hainbat emazte beren judutar fedean bermatzen dira beraien fedea Jesusi emaiteko. Hala nola Maria: Israelgo zinezko alaba agertzen da Jainkoarekin egiten duen batasunean. Gisa berean, Ana-k bere lekukotasunaz adierazten du Tenploak, judutar fedearen goi-tokiak, Jesus ezagutzen duela. Emazte samariarrak iragartzen du, Juduen ganik berexiak diren bere haurrideeri, Jesus dela zinez Jainkoak igorria eta “egin duten guzia erranen diotela”. Kanaandar emazteak, hamabietarik ez-judutar bakarrak, ahalbidetzen du Israeldik etorri Salbamenduaren sarbidea herri arrotzeri.
Lau emazte hauek adierazten dute Jesusen baitako fedearen aitormena egiten dela judutar fedearen moldeen bidez.
Beste emazte batzuek (batzuetan berak) Berri Ona hartzen dute bizitza edo osagarri arazo bat konpontzen denean: Elisabet agorra, emazte bekatari barkatua, emazte adulteriogilea, deabruak hartu Kanaandar emaztearen alaba, sendaturik gertatzen dira, bizitza sexual “normala” berreskuratzen dute, berdin jendarteko harremanak.
Betaniako ahizpak: Martak mundura etorri Jainkoaren baitako bere fedea aitortzen du, eta Mariak Jesus heriotzean geldituko ez delako intuizioa du, eta horregatik ohore egiten dio Jesusen gorputzari Jainko batenari bezala.
Azkenik Magadalako Maria: Berpiztua ezagutzen du eta aldi berean esperimentatzen haren gorputz berria izango dena, espirituala.
Hamabi etsenplu hauek argitan emaiten dute emaztek ulertu dutela gizonek bezain ongi (berdin lehenago?) Berri Ona ez dela antolamendu teologiko burutsu bat edota mundutar botere bat, bainan bai NORBAIT, Pertsona bat! Jesusek Ebanjelioa iragarri diote, ongi etorria egin diote.
Galdera da orduan: nolaz ez da, ba, oreka hori Elizaren bizitzan gauzatu? Zergatik izan da emazteen ekarpena gutietsia edo arbuiatua?
Erantzuna argia da: arrazoi nagusiena da gizonezko eta ezkongabeko apezeriak gaina hartu duela. Emazteak irakaskuntza eliz-kargutik baztertuak izan dira, gizonek dute hartu komentario jakintsu edo prediku egiteko lana. Bibliako emazteei ez dira interesatu, hauen ulertzera ez dira lehiatu, anitzetan ez dituzte ezta ikusi ere. Okerrago: beldurrez eta fantasmas jositako beren misoginia kalomniaz eta laidoz estali izan dute.
Eta zer erran zelibatuaz? Exegesiaren estakuruz, gain-gainetik zaindu nahi izan dute Jesusenzelibatua, beharrez emazteekin izan zituen harremanak gutietsiz. Mariaz (Jesusen ama) egin dute emaztearen irudi gorena, Martaz etxekoandere baliosaren eredua eta Mariaz (Betaniakoa) serora kontenplatiboaren irudia. Eta hori guzia, azkenean, eliz-egitura osoa gizon ezkongabearen ereduan oinarritzeko eta jendarte eredu jakin bat zerbitzatzeko, Jesusen eta emazteen arteko harremanak elgar hazten eta aberasten zuten maitasunezko harremanak izan zirelarik.
Nehoiz baino hobe ondorioak berant ateratzea…
Peio Ospital 2018-08-05