Larunbata, 2015ko abuztuaren 22a
GUTUNA ERROMAKO GOTZAINARI

Teologo-talde bat, 20 lagun, elkartu da. Aita santuari gutun bat sinatu duen milioi erdi bat lagunen eskaria «osatu nahiz»: berriro ezkondu diren dibortziatuei jaunartzea ez baimentzeko eskatuz milioi erdi horrek gauzatu duena «osatu nahiz». Teologoek erregutzen diote aita santuari, adoretsu joka dezala, errukiari lehentasuna ematen lider izanez, Ebanjelioaren Espirituari erantzunez, eta beren sostengua eskaintzen diote.

ERRUKIAREN
JUBILEU URTE
BEREZIA

2015eko abenduaren 8tik
2016ko azaroaren 20ra

«Jubileu urte berezi bat dei egitea erabaki dut; Jainkoaren errukia ardaztzat emango duena. Errukiaren Urte Santua izango da».
Frantzisko aita santua. 2015eko martxoaren 13a

GUTUNA

Frantzisko anaia, «Pedro elkarrizketatua»:

Lerro hauek osatu egin nahi lukete, kontrako aldetik, milioi erdi bat fededunek egin dizuten gutuna; hartan irrikaz eskatzen dizute «Elizaren irakaspena biribilki berretsi dezazun, katoliko dibortziatu eta herriz berriro ezkonduek ezin dutela jaunartu». Jesusen maitasunagatik, irrika beraz nahi dizugu eskatu guk: izan gaitezela guztiok Ebanjelioaren espirituari leial; Elizaren balizko irakaspen jakin batzuen letra baino harago joz.

Balizko fideltasunaz edo leialtasunaz mintzo gara. Ez, apatu gutun hori idatzi zizutenen asmoa juzkatzeko. Baizik eta, benetan, Elizaren irakaspena ez delako dibortziatu horiek «ezin dutela jaunartu» esatea. Baizik eta, Trentoko kontzilioak hau duelako esaten: «Elizak ez du erratzen jaunartzea ukatzen dienean». Formulazio horrek, kontzilio hartan arretaz aukeratuak, irekirik utzi zuen beste ahalbide hau ere: ez dagoela ez errorik, ez fideltasun-faltarik aurreko horren kontrako jarreran, eta eskuartean arazo pastoral bat dugula, eta ez arazo dogmatiko bat.

Gure ustez, zuhurtasun pastoralak, baimendu ez ezik, eskatu egiten du gaur egun orain arteko jarreraz aldatzea. Arrazoi hauengatik.

1.- Lehen mendeko Palestinan, Jesusen hitzak senarrarentzat izan ziren zuzenean. Izan ere, senarrak emazteari saldukeria egin eta bertan behera uzten baitzuen, beste emakume bat gustukoago zuelako, edota antzeko arrazoirengatik: Jesusen hitzak, lehenik eta behin, emakumea defendatzea zuten helburu. Hor bai, hor atzeraezina da Maisuaren esapidea: «Jainkoak batu duena, ez dezala eten gizakiak».

Jesusen denboran ez zen ezaguna gaur egungo beste egoera hau: (agian bien kulpagatik edo lehenago ezaguna ez zen pertsonen izaera bateraezinagatik) bere egitasmoan porrot egin duen bikotearen egoera. Senarrarekiko emazteak zuen egoeran, lehen mendeko Palestinan pentsaezina zen gaur eguneko hipotesi hau. Eta Jesusen hitzak beraren garaian ezezaguna zen beste egoera bati, zeinetan bietako baten abandonua ez baizik bien porrota baitago, aplikatzea, Jesusen hitzak desitxuratzea izango litzateke. Horrelako jokatuz, Jesus bera manipulatzen ariko ginateke segurtasun dogmatikoaren mesedetan, eta hiltzaile den letra, bizigarri den espirituaren gainetik ipintzen, Pauloren aholkuaren aurka.
Ebanjelioa inkulturatu egin behar da eta, inkulturatzen ez denean, traizioa egiten zaio. Segidako adibideek zerbait gehiago argitzen ahal dute diogun hau.

2.- Mateo ebanjelariak aipatzen ditu, segur aski, Jesusek egiten zituen lege-hauste gehien. Ba, hain juxtu, Mateok berak bakarrik esanarazten dio Jesusi esapide hau: «ez pentsa Legea desegitera etorri naizenik… Azken punturaino hura betetzera etorri naiz». Adierazi nahi digu, letra hauste haietan, Jesus Legea hondoraino betetzen ari zela, gogoan Lege haren espiritua zuelako.
Eta ebanjelioko lege ororen espiritua errukia da; ez, jakina, erruki belaxka bat, baizik erruki eskatzaile bat. Baina inolaz ere ez eskakizun errukigabe bat. Agian, beraz, badute zerbait esatekorik Jesusek hitz haiek, bere jokabide errukitsuak eragiten dituen eskandaluei erantzuteko jaulkitzen dituen haiek: «ea ikasten duzuen zer esan nahi duen “errukia nahi dut eta ez oparia”…» (Mt 9,13 eta 12,7).

3.- Lehen aldiko Elizak begi-bistako beste adibide bat ere eskaintzen digu letraren gainetik espirituari leial izateaz: erdainkuntza bertan behera uztearena. Erdainkuntzak bazuen sakratutasun-ukitu bat, Jainkoaren eta beraren herriaren batasunaren sinbolo adierazkor zelako; hartan ere balio izan zezakeen Jesusen hitzak: «Jainkoak batu duena, ez dezala eten gizakiak». Halaz guztiz, Elizak bertan behera utzi zuen jarduera hori eztabaida bortitz batzuen ondoren; hori guztia, Jainkoari leialago zitzaizkiola uste zuten, baina egiaz beren segurtasuna bilatzen zuten batzuen iritziaren aurka gertatu zen. Hain eztabaidatsua izan zen erabaki hari esker, Elizak, Jainkoari leial izateaz gain, ateak ireki zizkion mundu osoa ebanjelizatzeari. Eta gaur begi-bistako gauza irudi dakiguke erabaki hura, baina bere garaian eskandalagarri izan zen jende askorentzat.

Pedrok berak, erabaki haren aldeko bere hitzaldian, gaur Jesusen Espirituarekiko hain leiala iruditzen zaigun horretan, esan zuen: «ez ezarri uztarri bat, ez gure arbasoek, ez guk geuk eraman ezin duguna» (Eginak 15,10). Elizak egin litzakeen bekaturik handienetakoa izango litzateke ezarpen hori. Bestetik, oso eztabaidagarria da hau: pertsona ezkongabe batzuek ulertu ahal dezakete, zer den norbait modu barnekoi eta bakean beste pertsona batekin bizitzea, sintoniarik txikiena ere ez dutenean? Eztabaidagarria da, era berean: pertsona ezkongabe batek saihestu ahal ditzake harreman sexualak, gau eta egun maite duen beste batekin bizi denean?

4.- Beldur gara: zorroztasunaren defendatzaileek pentsa lezakete, Elizan «errukiaren diziplina» ezartzeak lasaikeria moral bati ateak irekitzearen parekoa izango litzatekeela, edota Elizak dibortzioaz gure gizarte paganoak dituen irizpide berak hartzea izango litzatekeela. Egiaz, ordea, ez da horrelakorik: ez da inolaz ere dudan ipintzen ezkontzaren hautsezintasuna; gainera, errukiaren diziplinak guztiek bere ezin egingo duten diziplina izaten jarraituko du; izan ere, errukiaren diziplinak damua eskatzen du, errua aitortzea eta zuzentzeko asmo sendoa. Hau da arazoa: porrot egiten dutenak bakarrik eta laguntzarik gabe ez uztea. Jesusek bezala jokatzea: bekatariekin egiten zituen otorduak, ez onak zirelako, baizik on izatera irits zitezen.

Avila Teresak, zeinen mendeurrena ospatzen ari baikara, bere autobiografian gauza jakingarri hau gogorazten digu: bekatari edo desleial sentitzen zenean, batzuetan otoitza egiteari uztera iritsi zela, hartarako duin sentitzen ez zelako. Harik eta jabetu zen arte, erremedio hura gaitza bera baino okerragoa zela. Elizak berak ere beti irakatsi du (eta praktikak baiesten du), Eukaristian parte hartzea laguntza handi izan daitekeela eta indar bizi ebanjelioaren arabera bizitzeko. Beldur gara: beren lehen ezkontza-egitasmoan porrot egin eta porrot horrengatik jadanik penitentzia egin dutenei indar hori ukatzeak fedetik erabat apartatzea ekartzen ahal lieke.

5.- Azkenik, galdera hau gelditzen zaigu: Elizak bi neurri erabili behar ote ditu ebanjelioaren kontrako desleialtasunen aurrean?, alde batetik, sexu-arazoei dagozkienetan; bestetik, moralaren beste eremu batzuetakoei dagozkienetan?
Adibidez: Elizak beti erakutsi du, lurreko ondasunen jabe bakarra Jainkoa dela, eta gizon-emakumeak geurea dugula uste dugunaren administratzaile huts garela. Administratzaile izate horrek eskatzen digu, gehiegizko ditugun ondasun guztiak guztien zerbitzura jartzea,gutxiago dutenen zerbitzura: pobreen eta baliabiderik ez dutenen zerbitzura.
Hain zuzen, horregatik, Elizak ez du onartzen erabateko eskubiderik jabetza pribaturako; soilik, lurreko ondasunez gizon-emakume guztien lehen eskubide absolutua asetzeko baliabide den neurrian onartzen du Elizak jabetza pribatua. Lurreko ondasunen erabilera nagusi eta hondo-hondokoaz azken aita santuek hainbat aldiz gogoratu duten irakaspen hori ez dute betetzen katolikorik gehienek; ezta agertu ere damurik txikienik eta konbertitzeko gogorik.

Eta Elizaren irakaspen hori ere gure mundu pagano honen burubidearen kontrakoa da. Eta ez al da begi-bistako zuzengabekeria katoliko horiek jaunartzera onartzea eta porrot egin duten bikoteei ukatzea?, hauek damua eta zuzentzeko gogoa agertzen dutelarik, eta lehenengo haiek ez?

Jainkoak ez da baliatzen bi balantzaz eta bi neurgailu; hobeto esan, haren partzialtasuna pobreen aldekoa da beti, biktimen aldekoa. Fariseuaren eta zerga-biltzailearen parabola eta seme hondatzailearen eta anaia nagusiaren parabola dakartzan ebanjelioan, Jesus modu harrigarrian lege-hausleen alde ageri da: akusatzen zituztenei (fariseuari eta seme zaharrenari), beren egintza on guztiek ez zien balio izan bihotz on bat lortzeko, baizik bihotz gogor bat.

Besterik ez, Pedro anaia. Iritzi bat agertu nahi izan dizugu soilik. Baina asko eskertzen dizkizugu hartarainoko gogorkeria krudelen artean egiten ari zen ahaleginak, Elizari beste aurpegi bat eman nahiz, Ebanjelioari egokiagoa zaiona eta Jesusek merezi duena.