Gurasoei gutuna!

Gogoratzen naiz, ama, nola ibiltzen nintzen zuri gonatik tira eta tira.

Zein gogor egiten zaidan orain zuen, aitaren eta amaren, jiran ezin ibilia!

Oraindik ere gogoratzen dut, eguna bukatzean, argiaren azken distirapean,
ohean sartu orduko, nola musu ematen zenidaten. Bai goxoa musua.

Ume nintzela, nola edukitzen ninduzuen aitak eta biok ahoa zabalik,
kontutxoak kontatzen!

Aurrera doa denbora, zoriaren aizkora.
Ni goraka, zuek beheraka.

Inon besterik topatu ez dudan bezalako ezkontide ona dut ondoan.

Haur hirukote zoragarria ere bai, tira eta tira:
ama / aita, … nahi dut; aita / ama… nik beste hau nahi dut; ama… titia!

Egun batean alde egin nuen zuen ondotik. Ez, ordea, zuetaz ahazteko.

Zuen beharra dut oraino; urrun zaituztet lekuz, ez bihotzez.

Urrun nauzue lekuz, ez bihotzez, badakit.
Hirurok bat gara betikoz, zuek biok eta ni.
Amatasun eternoa. Aitatasun ezin etena.
Seme-alabatasun betikoa. Har ezazue e-posta hau gaurko nire oparitxoa.

Izan dut tirabira bat, gogortxoa, ezkontidearekin.
Zuetaz gogoratu naiz. Behin batean haserre ikusi zintuztedan.
Biharamunean, biok batean barkazioa eskatu zenidaten:
«Barkatu, umea, atzo ez ginen pertsona izan. Adiskidetu gara».
Eta musu bero bana eman zenidaten.

Senide batek,
gaixo samar zabiltzatela adierazi dit.
Ez dut nik horra, zuengana, joaterik;
biok, ezkontideak eta biok, lana utzi beharko genuke.
Zuek, biok, gure etxera etortzea nahi genuke.
Gu biok prest gaude, txandaka, zuei bioi laguntzeko,
biok lana egun erdira jaitsiz.
Noiz joango gara zuen bila?

Aita eta ama, txakurra ere, zeuen lagun maitea, ekar dezakezue.
Geurearekin ondo konponduko da;
gurekin ere bai.

Ekarriko dugu zuen ohe gozo hori ere.
Paretan dituzuen apaingarriak ere bat.
Logela atsegina izango duzue:
leihotik naturaz blai, hor duzuen bezala.
Horko zuen lagunak ere gonbidatuko ditugu tarteka, bazkaltzera.

Aita eta ama,
gu biok gaituzue irrikatzen zuekin bat egiteko lekuz ere.
Bai, biok. Txoratzen.
Ez duzue galduko hemen zeuen pribatutasuna.
Bete-betean errespetatuko dugu.
Aldi berean, gu boston lagunartea izango duzue.
Zeuen etxeko giroa bera izan dezazuen.
Zuek «bai» esan zain.

Lazkao, 2014-06-20

Dionisio Amundarain