Emakume adulteriogilea eta hipokritak
Garizumako 5. igandea C (2016-03-13)

Adulterioa, antzinako legeria guztiek, Dekalogoa barne, gaitzetsia zuten bekatua zen. Hau da gaurko ebanjelioak planteatzen duen arazoa: zer egin emakume adulteriogilearekin. Hiru iritzi jaso ditut.

Gizon adulteriogilearekin batean ito

Babiloniako Hammurabi, K.a. 1750ean hila, erregearen kode ospetsuaren erantzuna da. Erabaki du 129. paragrafoan: «Gizon baten emaztea beste gizon batekin etzana aurkitzen badute, lotu eta bota ditzatela urera (Eufrates ibaira); senarrak emazteari bizitza barkatzen badio, mendekoari ere barkatuko dio bizitza erregeak». Errepara diezagun, legea emakumearekin hasi dela, baina biek merezi dute herio-kondena. nahiz eta senarrak barkatzen ahal duen.

Harrika hil (lege-maisuek eta fariseuek)

Lege-maisuen eta fariseuen proposamena da, Moisesen Legeari atxikiz. Jokabiderik ohikoena da harrika emate hori Biblian, errudun bat hiltzeko. Gauza logikoa, Israelenen ura ez baita ugari Babilonian bezala; harria, berriz, bai. Halaz guztiz, lege-maisu eta fariseuek ez dute gaindituko Bibliako azterketa bat, bi arrazoirengatik.
1) Moisesen Legean askotan erabiltzen da «harrika eman» aditza, herio-zigor batez hitz egiteko, baina ez dio aplikatu sekula adulterio bati. Aipatzen ahal luketen testua, Deuteronomioko hau izango litzateke: «Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik, berarekin oheratzen bada, hiri-sarrerara aterako dituzte biak eta harrika emango, hil arte: neska, hirian izanda ere, laguntza eske deiadar egin ez duelako, eta gizona lagun hurkoaren emaztegaia bortxatu duelako» (22,23-24). Baina lege hau ez da mintzo adulterioaz, baizik neska baten bortxaketaz (itxuraz onartua).
2) Hartarainoko ardura badute Moisesen Legea betetzeko, Jesusen aurrera ekarri beharko zuketen lehena gizonezkoa izango zen, bera ere adulterioan aurkitua dutelako eta Legea harekin hasten delako («Norbait, ezkontza-hitza emandako neska bat hirian aurkiturik… ». Bada kasu bat, bakarra, neska harrikatzeaz ari dena, baina hura ere ez da ari adulterioaz, baizik gurasoekin etxean bizi dela birjintasuna galdu duenaz. Ezkontzean, senarra jabetu eta salatzen badu eta salaketa egiazkoa bada, «aterako dute neska gaztea aitaren etxe atarira eta hiriko gizonezkoek harrikatuko dute hil arte, aitaren etxea prostituitzean zitalkeria egin duelako (Dt 22,210-21).

Nolatan egin ditzake lege-maisu batek oinarrizko horrelako errore batzuk, hainbat urtetan Biblia azterturik? Ezjakinez? Legea ahalik erarik zorrotzenean interpretatu nahiz? Jesus estutasun batean ipini eta salatu ahal izateko, Joanek dioenez?

Barkatu eta egin dezala hobera (Jesus)

Jesus ez da ibili presaka erantzuna emateko. Iritzi bat eskatu diote («eta zer diozu zuk?»); ahoa itxi eta idazten hasi da zoruan. Baina haiek galde eta galde. Ile eske etorri eta muskildurik atera. «Zuetan bekaturik ez duenak bola diezaiola lehen harria». Lege-maisuen eta fariseuen bekatu nagusia ez da ezjakintasuna, ezta zorroztasuna ere, baizik hipokresia. Alde egiten dutenean, bakarrik gelditu dira Jesus eta emakumea, hau ere zutik Jesusen aurrean. Eragin handiko irudia, pelikula hoberenerako gai. Emakumearen zorionerako, Jesus ez da usadio zaharreko aitor-entzule bat. Ez dio galdetu zenbat bider egin duen adulterioa, norekin, non, noiz. Bi galdera labur egitera mugatu da («non dira?, inork ez zaitu gaitzetsi?»), eta azken barkamena: «Nik ere ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez gehiego bekaturik egin».

Batzuetan oso arin hitz egin ohi da Jesusek bekatariekin izan duen jarreraz, besarkatu eta halakoen bizimodua onartuko balu bezala. Baina emakumeari ez dio esan: «Ez zaitez kezkatu, ez dio axola; badakizu norengana jo beste batean». Hona zer esan dion: «ez egin gehiago bekaturik». Beraren onerako esan dio, eta ez harrika emango dioten arriskuagatik. Kasu honi esleitzen al zaio, generoa aldatuz, Bibliako esaera zahar hura: «Adulteriogilea zentzurik gabeko gizona da, bortxagileak bere burua hondatzen du» (Esaera Zaharrak 6,32). Horixe da Jesusek nahi ez duena: emakumeak ez dezala hondatu bere burua.

Lege-maisuen eta fariseuen etsenplu ona

Beraien hipokresia eta ideia makurra eta guzti, aitortu behar zaie zerbait onik: pixkana urrunduz joan dira, zaharrenak lehenik. Gaur egun, asko gara Jesusen iritzia ezagutzen dugunak, baina geure burua on irizten jarraitzen dugu eta dudarik ez dugu harrika jarraitzeko (harriz baino gehiago hitz eta irizpide gaitzesleez) biktimatzat hautatu ditugunen aurka.

Oharra: Testu eskandalagarria

Ebanjelioko pasarte hau nahasgarrienetako da adituentzat. Joanen ebanjelioko zatia da, baina ez da ageri eskuizkribu, kodize eta lekzionario hoberenetan; beste batzuek Joanen ebanjelioaren azkenean eman ohi dute; eta beste batzuek Lukasen ebanjelioan dakarte (21,38 edo 24,53 ondoren). Orri bakan bat izan balitz bezala, batzuek duda zutelarik non txertatu eta beste batzuek non tartekatu ez zekitela.

Ez da harritzekoa pasarte honek zailtasunak eragin izana. «Bekatutik libre denak bota diezaiola lehen harria» delako irizpidea dela medio, asko geldituko lirateke aske: Isis-eko terroristetatik hasi eta esku leuneko lapurretaraino. Jakina, ez da hori Jesusek esan nahi duena. Andreari esandako azken hitzek, «ez gehiago bekaturik egin», argi utzi dute ez duela defenditzen mundu bat zeinetan nork bere nahia egin ahal dezan.

José Luis Sicre