Garizumako 5. igandea C 2019-04-07
HOMILIA

Anai-arrebok!

Joan den igandean, seme hondatzailearen konbertsioa kontatu zigun ebanjelioak. Baina kontuan hartu al genuen zergatik konbertitu zen? Zergatik itzuli zen aitagana? Egoismoz. Bere buruan miserian ikusi zuelako.

Gaurko ebanjelioan eta bigarren irakurgaian, beste konbertsio-mota bat ageri zaigu. Emakume adulteriogileak harreman pertsonala eta bizia izan du Jesusekin. Jesusi entzun dio: «Nik ere ez zaitut gaitzeste. Zoaz. Ez gehiago bekaturik egin». Ebanjelioak ez du esaten zer izan zen emakume horren geroa. Pentsatzekoa da Jesusen jarraitzaileetako bat izango zela. Bigarren irakurgaian, Paulo santua ageri da. Errebelazio berezi bat izan zuen. Eta kristauen pertsegitzaile izatetik, Kristoren predikatzaile sutsu izatera pasatu zen. Berak esan digu gaurko bigarren irakurgaian: «Den-dena galera hustzat daukat, Kristo Jesus neure Jauna ezagutzearen bikaintasunarekin konparatuz».

Joan den igandeko parabolako bi semeek ez bezala, gaurko bi hauek ─emakume adulteriogileak eta Paulo pertsegitzaileak─ Jesusekin edo Kristorekin esperientzia pertsonal bizia izan dute. Aurrez aurreko harreman pertsonala.

Horra benetako konbertsio guztien giltzarria. Kristorekin harreman pertsonala. Arazoa ez da amak esan didalako kristau izatea. Edo badaezpada ere kristau izatea. Edo erlijioetan hobentxoena kristautasuna iruditzen zaidalako kristau izatea.

Lagungarri izan nezake hori guztia. Baina muina beste zerbait da: Kristo neure maitea dut. Kristo neure senarra dut. Kristo neure adiskide min-mina dut. Hau da gakoa.

Nola iristen den horretara? Aste honetan, San Bizente Ferreren eguna ospatu dugu besteak beste. 14. mendean bizi izan zen. Eliza katolikoak egundoko krisialdia bizi zuen. Erregeen esku sartzeak zirela-eta, Bizenteren egunetan bi aita santu agertu ziren aldi berean, bata Erroman, bestea Avignonen. Avignongoa, besteak beste, Aragoiko agintariek babestua. Bizente bera ere aragoitarra, hasiera batean, Avignongoaren alde agertu zen. Baina Bizentek bila eta bila jarraitu zen, eta garbi ikusi zuen benetako Aita Santua Erromakoa zela, eta azkenean haren alde lan egin zuen buru-belarri.

Jesus ez zaigu agertuko gaurko ebanjelioko emakume adulteriogileari bezala. Ezta Paulo santuari bezala ere. Baina Kristok munduan agertzen jarraitzen du. Pertsona bakoitzari bakoitzaren neurrian eta moduan. Eguneroko gertaeretan. Egunero elkarrekin izaten ditugun harremanetan.

Bizente Ferrer-ek bezala, San Paulok bezala, bihotza irekirik bizi al gara? Kristo ikusteko? Ez al zaigu gertatzen Jesus agertu behin eta berriz, eta guk bihotzeko begiak itxirik edukitzea? Ezin ikusi izatea Jesus hori?

Geure familiaren gorabeheretan? Geure herrikoetan? Hauteskundeen kanpainan? Beti halako alderdi politikoari eman izan diot botoa. Eta hori al da arrazoia? Duela gutxi, emakume batekin hizketan, esan nion, alderdi politiko bakar batek ere ez nauela betetzen. Eta berak: «Hortaz, botorik ez eman, eta kito». Erantzun nion: «Hori al da irtenbidea? Nahiz ez nauen betetzen, hoberentzat jotzen dudanari ematen diot».

Kontua, irekirik bizitzea da. Egoismoa alde batera uzten saiatzea. Argi bila ibiltzea. Segur aski, gutxiena uste dugunean, hor ikusiko dugu Kristo bere aurpegi irribarretsua azalduz, bake-emaile, maitale, errukitsu, poz-emaile, Jainkoaren Erreinua egiteko beraren laguntzaile izan gaitezen eske.

Benetan animagarria da gaurko lehen irakurgaia ere. Israel herriko jende asko Babilonian dago esklabo. Beste askok Palestinan jarraitzen du, baina egoera negargarrian.

Guztien galdera da: Non da Yahve? Non da Jainkoa? Ahaztu egin al da erabat gutaz? Eta hor datorkie profeta. Jainko horrek arnastua. Jainkoak inspiratua.

Eta entzun dugu zer esan dion profetak herriari, Jainkoaren izenean. Ez zaitez atzera begira egon, negarrez. Gauzak, zuen bizitza, zuen historia berri egitera natorkizue. Hasia da ernetzen mundu berri hori. Ez al duzue nabari?

Profeta hori gaur ari balitzaigu bezala ikusten dut. Guri ari balitzaigu bezala. Jesusek berak ere baietsi digu profetak esan duena. Jainkoaren erreinua hasia da ni etortzearekin, esan digu Jesusek. Mundua ez da jada lehen bezalakoa. Bada munduan, pertsona bat bederen, Jainkoa benetan adoratzen duena. Bada munduan, pertsona bat bederen, gizon-emakumeen arteko zuzengabekeria ezin jasan duena.

Senideok, «pertsona bat bederen hori» biderkatzea da kontua. Jesus bakarrik ez uztea. Jesus eta beste hamar eta beste mila eta beste milioi bat lanean ipintzea. Eta lan horretan ez dago pertsona sasoiko eta erretiratu arteko alderik. Guztiok gara Jesus. Guztiok gara bata bestearen salbatzaile eta askatzaile.

Horretara iritsi bagara, seinalea Jesus aurrez aurre ikusi dugula. Animatu gaitzala Jesusen Espiritu bizi-emaileak, arnasa-emaileak. Lagundu gaitzala San Bizente Ferrerek bihotzeko begiak irekirik bizitzen.

Dionisio Amundarain