Jesusen garaipenaren eta gure garaipenaren aurrerapena
(Lukas 9,28b-36)
Garizumako 2. igandea C 2019-03-17

Garizumako lehen igandea Jesusen tentazioez ari ohi da beti. Bigarren igandea, berriz, Jesusen antzaldatzeaz. Ulerterraza da arrazoia: Garizuma Pazkorako prestaera-aroa da; ez Aste Santuaren prestaera soilik, Jesusen heriotzaren oroitzapentzat bakarrik harturik, baizik eta piztueraren oroitzapena ere barne delarik.

Testuingurua: promesa

Jesusek iragarria du asko sufritu beharko duela, ukatu eta hil egingo dutela, baina piztuko dela. Eta ohartarazi du, jarraitu nahi diotenek ere uko egin beharko diotela beren buruari eta gurutzea hartu beharko lepoan. Baina izango dute beren saria bera garaile itzuliko denean. Eta gehitu du: «Nik diotsuet, hemen direnetarik batzuk ez direla hilko Jainkoaren erregetza ikusi arte». Beteko ote da promes bitxi hau?

Promesa bete: antzaldatzea

Sei egun geroago gauzatu zen pasadizo bitxi hau. Lukasen kontaera, igande honetan irakurria, bi zatitan bana dezakegu: mendira igotzea eta mendian izandako ikuskaria. Ikuspegi literario batetik harturik, teofania bat da, Jainkoaren agerpen bat, eta ebanjelariak, bera deskribatzeko, Itun Zaharreko idazleek erabiltzen zituzten osagai berez baliatu dira. Horregatik, zatietako bakoitza aztertu aurretik, komenigarri izango da Sinai mendiko teofania sonatuko, Jainkoa Moisesi agertu zitzaion hartako, datu batzuk gogoratzea.

Sinai mendiko teofania

Jainkoa ez da agertu edozein paraje batean, berezi batean baizik, mendian; herria ezin joan izan da hara, baizik eta Moises bakarrik; halere, batzuetan lagun izan du Aaron bere anaia (Ir 19,24) edota Aaron, Nadab eta Abihu Israelgo hirurogeita hamar arduradunekin (Ir 24,1). Jainkoaren presentzia hodei trinko baten irudiz adierazi ohi dute, Jainkoa hartatik mintzo delarik (Ir 19,9). Sarritan aipatzen dira testuinguru honetan beste osagai hauek ere: sua, kea eta mendiaren dardara, lurrera hurbildu den Jainkoaren aintzaren eta ahalmenaren sinbolo gisa. Osagai hauek adierazi nahi dute, ebanjelariek ez dutela gertatu denaz txosten objektibo, «historiko» bat aurkezteko asmorik, baizik eta Itun Zaharreko teofanien antzeko ingurumen bat.

Mendira igotzea

Hiru ikasle bakarrik aukeratu ditu Jesusek: Pedro, Santiago eta Joan. Datu hau ez dugu hartu behar pribilejio soiltzat; hau da ideia nagusia: gauza hain handi bat gertatuko dela, zeinetan ezin baitira denak egon.

Aldaketa koxkor bat ezarri du hemen Lukasek, baina garrantzizkoa. Markosek eta Mateok diote, «mendi garai eta bakarti batera igo zirela»; Lukasek, berriz, «mendira igo ziren, otoitz egitera». Ez zaio axola mendia garaia eta bakartia izatea; garrantzizkoa da adieraztea, Jesusek otoitz egiten duela bere bizitzako okasio handietan.

Mendiko ikuskaria

Lau osagai ditu, ikuskaria bere beterantz bidean jartzen dutenak. Lehena, Jesusen aurpegiaren jantzien antzaldatzea da. Bigarrena, Moises eta Elias agertzea. Hirugarrena, bertakoak estaltzen dituen hogei argitsu bat agertzea. Eta laugarrena, zerutik datorren ahotsa entzutea.

1.-Jesusen antzaldatzea, hitz hauekik adierazi zuen Markosek: «Beraien aurrean antzaldatu zen eta beraren jantziak zuri itsugarri bihurtu ziren, munduko inongo zuritzailek zuritu ez dezakeen tamainako» (Markos 9,3). Jesusen jantziaren zuria azpimarratu nahi izan du. Lukasek, berriz, nabarmendu du, Jesus otoitzean ari zenean gertatu zela aldaketa, eta aurpegiaren aldaketari erreparatu dio, eta ez jantziarenari: «Eta, otoitzean ari zela, aldatu egin zen haren aurpegiaren itxura, haren jantziek distira zegiten beren zuritasunaz». Eszena bat kamera geldoan ikustera gonbidatu gaitu Lukasek, lehen planoan Jesusen aurpegia hartuz. Kristo berpiztuak egingo dituen agerpenen aurrerapena da, haietan Maria Magdalenak, Emausko biek eta aintzirako ikasleek nekez identifikatuko baitute Jesusen aurpegia.

2.-Moises eta Elias agertu. Moises Jainkoaren eta beronen herriaren arteko bitartekari handia da, profeta, zeinekin aurrez aurre hitz egiten baitzuen Jainkoak. Biblia-tradizioaren arabera, Moises gabe ez ziren existituko, ez Israel herria, ez beroren erlijioa. Elias, erlijio hori salbatu duen profeta da, izan zuen krisialdirik handienean, K.a. IX. mende inguruan, kanaandar erlijioaren eraginez galtzeko zorian zegoenean. Elias gabe lur joko zuen Moisesen egintza osoak. Horregatik eskaintzen zieten juduek halako garrantzia bi pertsonaia hauei. Orain ikasleei (ez Jesusi) biak agertu izana, jarraitzen dioten pertsonaiaren garrantzia bermatzeko era bat da. Ez da hereje bat, ez da zoro bat, ez da ari mendetako lan erlijiosoa suntsitzen, antzinako profeten ildoari jarraitzen dio, haien lana bere betera eramanez.

Testuinguru honetan, Pedroren hitzek, hiru txabola egitea proposatuz, zentzugabeko direla ematen du. Baina Pedrok berak lehen esan duenaren ondorio dira: «bai ondo gaudela hemen». Hobe da mendi-gailurrean gelditu, gurutzea lepoan hartu eta Jesusi hil arte jarraitzea baino.

3.-Sinain bezala, mendia hodei bat estali du.

4.-Jainkoaren hitzek zehatz errepikatu dituzte bataiokoan entzundakoak, Jainkoak Jesus bere zerbitzari aurkeztu zueneko hartan. Halere, hemengoek agindu bat gehitu dute: «Entzun iezaiozue!» Agindua zuzenean erlazionatzen da Jesusen aurreko hitzekin, bere zoriaz eta jarraipenaz eta ikasleen gurutzeaz esan dituenekin.

Laburpena

Pasadizo hau ez dute kontatu ebanjelariek Jesusen mesederako, baizik eta apostoluek esperientzia baikortzat har dezaten. Jesusi hitz egiten entzun ondoren bere nekaldiaz eta heriotzaz, bere jarraitzaileei ezartzen dizkien baldintza gogorrez, hiru esperientzia osagarri izan dituzte: 1) Jesus aintzatsu antzaldaturik ikusi dute; 2) Moises eta Eliaz agertu zaizkie; 3) zerutiko ahotsa entzun dute.

Irakaspen hazkorra dela esan nahi du honek: 1) Jesusen aurpegia eta jantziak antzaldaturik ikustean, esperientzia hau bizi izan dute ezen haren azken zoria ez dela izango porrota, baizik aintza; 2) Moises eta Elias agertzeak baietsi diete ezen Jesus dela Israelen historia sakratuaren eta Jainkoaren errebelazioaren gailurra; 3) zerutiko ahotsak irakatsi die, Jesusi jarraitzea ez dela zorakeria, baizik eta egokiena Jainkoaren egitasmoarekin.

Gure garaipenaren aurrerapena (2. irakurgaia: Filipoarrei 3,17─4,1)

Filipoko kristau-elkartera, Paulok fundatutako beste batzuetara bezala, kristau-misiolari asko etorri zen, baina muturreko ildokoak, juduzaleak. Konbentziturik zeuden, janari-arau batzuk betez («sabela dute beren Jainko») eta erdainkuntza eginez («beren lotsariez harrotzen dira») salbatuko zirela; horrenbestez, aitortzen ez badute ere, salbatzeko ez da beharrezko Jesus gugatik hil izana, eta «Kristoren gurutzearen etsai gisa jokatzen dute».

Irakaspen honen aurka, filipoarrek, Pauloren jarraitzaileek, ez dituzte amesten lurreko gauzak, baizik eta salbatzaile baten, Jesusen, zain bizi dira, hark gure gorputz apal hau bere aintzatsuaren antzeko bilakatuko baitu. Gure gorputza antzaldatzearen promes honek eragin die irakurgai hau aukeratzera, ebanjelio-pasartearen paralelo: Jesusen antzaldatzeak haren beraren aintza ez ezik geurea ere aurreratu digu.

Abrahamen teofania (1. irakurgaia: Hasiera 15,5-12.17-18)

Abrahamek, artzain erdinomada bezala emanik, gura ditzakeen bi promes handienak jaso ditu: ondorengo ugari eta bizitzeko lurralde bat. Hiru zatitan bana dezakegu testua: lehenak ondorengo ugari izango duela hitzeman dio, izarrak adina ugari; bigarrenak lurraldea promestu dio (zein lurralde den zehaztu gabe; Kanaangoa izango dela suposatzen da); hirugarrenak bi gai batzen ditu: Abrahamen ondorengoek heredatuko dute lurraldea (kasu honetan fabulazko hedadura esleitu dio).

Ezin ulertu dut zergatik aukeratu duten testu hau. Agian, erdialdean erreferentzia teofania bati egin diolako, eta Jesusen antzaldatzearen paralelo ikusi dutelako. Baina kontaera bien edozein antz baterakidetasun huts da.

José Luis Sicre