GARIZUMAKO BIGARREN IGANDEA

Lehen irakurgaia

( Jainkoak Abraham frogatzen du eta agintzak berritzen diozka )

Etorki liburutik 22, 1-2. 9. 10-13. 15-18

1 Jainkoak frogatu zuen Abraham;
erran zion : “ Abraham! ”
Hunek ihardetsi: “ Hemen nauzu! ”
2 Jainkoak erran zion:
“ Hartzazu Izaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra.
Zoazi Moria lurralderat, eta han eskainiko duzu erre-oparitan,
nik erakutsiko dautzutan mendi gainean.”
9 Heldu ziren Jainkoak erakutsi mendirat.
10 Abrahamek eskua hedatu zuen,
eta ganibeta hartu, bere semea oparitan hiltzeko.
11 Bainan Jaunaren Aingeruak oihu egin zion zerutik:
“ Abraham! Abraham! ”
Hunek ihardetsi: “ Hemen nauzu! ”
12 Aingeruak erran zion:
“ Ez heda eskua haurraren gainean! Ez zozula minik egin!
Badakit orai Jainkoaren beldurra baduzula:
ez dautazu zure semea, seme bakarra, errefusatu.”
13 Abrahamek begiak altxatu zituen
eta ikusi ahari bat sasi batean adarretarik lotua.
Joan zen ahariaren hartzera
eta erre-oparitan eskaini zuen bere semearen orde.
15 Jaunaren Aingeruak berriz ere deitu zuen Abraham zerutik:
16 “ Zin egiten dut neure buruaz – Jaunak errana -:
Hori egin duzulakotz,
zure seme bakarra ez dautazulakotz errefusatu,
17 gaindika benedikatuko zaitut,
ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat,
itsas bazterreko legarra bezainbat;
eta zure ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira.
18 Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek
elgar benedikatuko dute,
nik erranari obeditu duzulakotz
Irakurgai hau bi moldetarat irakur daiteke.

Ikara emaiten duen molderat: Jainkoak Abrahami manu bat emaiten dio, Abrahamek obedituko ote dion
ikusteko… eta ondotik kontra-manua ukaiten du : « Ez heda eskua haurraren gainean ». Eta Abrahamek
obeditu duelakotz, Jainkoak sekulako agintza miresgarriak egiten diozka. Bainan irakurketa hau paganoa da.
Jainko gaztigatzaile bat, bainan ez egiazko Jainkoa. Fedezko irakurketa arras bertzelakoa da. Maitasunezko
soa baden bezala, fedezko soa ere bada. Fedezko irakurketa bat egin dezagun beraz.
Irakurgai hau idatzia izan delarik, Abrahamek ez zuela Isaak hil eta luzaz bizi izan zela, denek 1000
urte hartan bazakiten. Jendearen hiltzea eta erre-opari egitea, Jainkoak ez dituela onartzen, jakina zen ere.
Debeku hori errespetatzea ez zen batere errex. Abrahamen ondokoek « Jainkoari buruzko soaren aldatzea »
deitzen dute irakurgai hau, Jainkoak erran balu bezala: « Nola ikusten nauzu, Abraham ? Zure haurraren
hiltzea nahi duen Jainkoa bezala ? Tronpatzen zira. Zure semearen bitartez ondokoak ukanen ditutzulako
nere agintza ez dut ahantzia, ahal guziak egin ditut hori oroitarazteko zuri. »
Delako agintza hori Hasiera Liburuaren bidez ezaguna da. « Nazione handi eginen zaitut,
benedikatuko zaitut, ospetsu bilakatuko dut zure izena… Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri
guziak… Lurreko errautsa bezain ugari eginen dut zure ondorea.. Beha zerurat eta konda izarrak, ahal
baduzu: horiek bezainbat izanen dira zure ondokoak… zure ganik sortuko dena ukanen duzu ondoko » (Has
12-21 kapituluetan).
Hemen da pagano eta fededun irakurketaren ezberdintasuna: paganoak uste du Jainkoa ez dela
jendez interesatzen. Fededunak dio jendearen itxaropena Jainkoaren itxaropena dela, Jainkoa bera elkargoan
engaiatuz geroztik. Jainkoaren xedea gure onetan dela beti, hori da fedea. Eta Abrahamen fedea halakoa da:
Jainkoak bere agintza gauzatuko duela, eta ondorea Isaaken bidez eta ez bertzela ukanen duela, Abrahamek
sinesten du. Hortakotz da bere ondorearendako etsenplu. Hortakotz du Jainkoak haren fedea frogatu.
Ondorioz, fede indartsu horren graziaz, historiak bihurgune haundi bat hartu du. Jainkoak erraiten
duelarik « eskainiko duzu erre-oparitan », ez du « hil-azu » erraiten, baizik « biziaraz zazu eta nik emana
dautzutala ez sekulan ahantz ». Jainkoak ez duela sekula jendearen hiltzea nahi, geroztik aski jakina da
Izraelen.
Orduan, Abrahamen fidantzia ez baitzen kordokatu, berriz entzuten du: « Gaindika benedikatuko
zaitut, ugalduko dut zure ondorea zeruko izarrak bezainbat, itsas bazterreko legarra bezainbat; eta zure
ondokoak etsaien hiriez jabetuko dira. Zure ondokoen bidez lurreko jendalde guziek elgar benedikatuko
dute, nik erranari obeditu duzulakotz. »
Agintza hori beteko dela, zernahi gerta ere, sinesten duten guziak dira Abrahamen seme-alaba izena
merezi dutenak.

Salmoa 115

Leloa : Ibiliko naiz Jauna baitan
bizi direnen eskualdetan.

Badut sineste nahiz nion:
Ezin dut ezin jasan hori.
Jainkoarentzat gauza gaitza :
bere sainduen heriotza.
Zuri naiz, Jauna, dena zuri,
Ez dut orai nik deus lokarri.
Nik zor eskerrak sarri zuri,
Jaun izenari kantuz ari.
Nik zer eskerrak Jainkoari!
Jaunaren haurrak bil kantari.
Jainkoarena den etxean,
Jerusaleme bihotzean.

Juduek salmo hau Bazkoz kantatzen zuten (113. salmotik 118.nera). Jesusek berak Ortzegun Sainduz
kantatu zuen beraz. Jondoni Matiuk dio: « Salmoak kantatu ondoan, Oliamendirat abiatu ziren » (Mt 26,30).
Jakingarri dena, Ortzegun Sainduz Jesusek erran duen salmo hau ahaide da gurutze gainean erranen dituen
hitzekin: « Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zergatik utzi nauzu? » (Sal 21) Bat eta bertzeak sofrikarioa erraiten
dute : Ostirale Sainduko oihuari egungo salmoak erantzuten dio : « Badut sineste nahiz nion: ezin dut ezin
jasan hori. » Bat eta bertzea esker onez bururatzen dira, gutiz berdin. 21. salmoak: « Aipatuko dut zure izena
neure haurrideen artean, goretsiko zaitut batzarraren erdian. Goretsazue Jauna, haren errespetua
duzuenak! Goraipa zazue, Jakoben ondoko guziek!.. Jaunak ez du mespretxatu, ez du gutietsi gizagaixoaren
zorigaitza, ez du harenganik baztertu aurpegia: entzun du haren oihua. » Egungo salmoak oihartzunez dio:
“Nik zer eskerrak Jainkoari ! Jaunaren haurrak bil kantari. Jainkoarena den etxean, Jerusaleme bihotzean.

Bigarren irakurgaia

( Semearen sakrifizioa )

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 31-34

Haurrideak,
31 Jainkoa gure alde badugu, nor izanen dugu kontra?
32 Ez du errefusatu bere Semea, gu guzien alde eman du:
nolaz ez dauzkigu denak emanen harekin batean ?
33 Nork salatuko ditu Jainkoak hautetsiak,
Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu ?
34 Nork kondenatuko ditu ? Jesu Kristo hil denaz geroz;
gehiago dena: piztu da, Jainkoaren eskuinean dago,
eta gure alde otoitzean ari.

Gure arteko ainitzen galdea asmatzen ote du Paulok ? Maitasunez mintzo zira, bainan nun da
Jainkoaren justizia ? Jondoni Paulok gizadia auzitegi baten aitzinean ikusten du. Testamendu Zaharrak maiz
aipu du auzi hori. Bainan kasu ! Jainkoa nor den emeki-emeki ikasiz, hiztegia aldatuz doa. Guk justizia beti
balantza batzu bezala asmatzen dugu, bainan Jainkoak bertzela ikusten du. Haren jujamendua ez da sekulan
kondena, zigorra, bainan beti salbamena, askatasuna.
Orduan, dio Paulok, « Jainkoa gure alde badugu, nor izanen dugu kontra? » Nor ausarta liteke gure
kontra izaitera? « Nork salatuko ditu Jainkoak hautetsiak, Jainkoak berak zuzentzat onartu baditu? »
« Jainkoa alde » dugu, bere Semea guri emanez geroz: « Bere Semea ez zuen heriotzetik begiratu, gu guzien
alde eman bai. » Ez du « urrundu edari samina », Jesusek Getsemanin hala galdeginik ere. Jesus etorri
aitzineko gizadiaren egoera aterabidegabea zen. Jondoni Paulok gai hau lantzen du lehen 8 kapituluetan:
jendea esklabotasunean hetsi da; paganoak sasijainkoen esklabo dira, edozoin itsukeria, herra eta
nahasmendu ezarriz; juduek berriz, Kristo ez dute ezagutu eta legeari sakrifikatu dute, legea ez baitute
konprenitu.
Holako hondamendia ikusiz, Jainkoak Salbatzaile bat emaitea erabaki du. Gizakiak berez ezin-egina,
Jainkoak egin du. Harrigarria, Jainkoak eman Lege horren izenean da Jainkoaren Semea gurutzefikatua izan,
gaixtaginen pare. Eta Jainkoak erokeria hori egitera uzten du. Gurutzeak argitan emaiten du Jainko Aitaren
bai eta Semearen amodioa. Kristoren heriotzeari so eginez ditugu Jainkoaren amodio miresgarriari gure
begiak idekitzen.
« Gu guzien alde eman du ». Jondoni Paulok garbiki finkatzen du : « gu guzien ». Maitasuna kitorik
da: Efesoarreri gutunean dio: « Badakizue heien eta zuen nagusia zeruan dela, eta harek ez duela
berexkeriarik egiten » (Ef 6,9). Timoteori gutunean berriz: « Jende guziak salbatu eta egiaren ezagutzera hel
daitezen nahi du. Alabainan bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta jendeen bitartekoa ere: gizon
bat, Jesu Kristo, bere burua guzien salbatzeko ordain-saritzat eman duena. » (1Tim 2, 4-6). « Ordainsariak
» librantza erran nahi duela badakigu. Enganu haundi batetik ateratu behar dugu behin betikotz: ez
dugu aski sinesten Jainkoa amodio dela, eta ez besterik. Eta salbamendua hau da : Jainkoak nahi du jende
guziak salbatuak izan daitezen, erran nahi baita haren eta egiaren ezagutzera hel daitezen.

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !

Hodei distiratsutik entzun zen Jainkoaren mintzoa :
Hau da nere Semea, seme maitea :
Huntan dut nik neure gozoa,
Denek entzun zazue !

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 9, 2-10

2 Jesusek berekin hartu zituen Petri, Jakobe eta Joani,
eta ereman zituen, hek bakarrik, mendi gora baterat, berex.
Eta itxuraldatua izan zen heien aitzinean.
3 Soinekoak dirdiran jarri zitzaizkion, xuri-xuria,
nehork xuri ez litzazkeen heinean.
4 Eli agertu zitzaioten Moisekin,
eta solasean ari ziren Jesusekin.
5 Petrik, orduan, erran zion Jesusi:
“ Irakasle jauna, zein goxoki gauden hemen!
Egin ditzagun hiru etxola:
bat zuretzat, beste bat Moisentzat, eta bestea Elirentzat.”
6 Ez zakien zer erran, beldurrak hartuak baitziren.
7 Orduan, hedoi batek estali zituen,
eta mintzo bat izan zen hedoitik:
“ Hau da nere Seme maitea. Entzun zazue! ”
8 Eta hartan, ingururat behatu eta ez zuten Jesus baizik ikusi berekin.
9 Menditik jaustean,
ikusi zutena nehori ez aipatzeko manatu zioten Jesusek,
Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte.
10 Manu hori begiratu zuten, elkarren artean ziotela
zer ote zen “ hilen artetik piztea”.

Egun, mendi gainean, Jesus Izraelgo bi itxura haundienekin agertzen da : Mois, askatzailea, Legearen
helarazlea, eta Elias, profetetan lehena. Denbora guti barne, Jesus bertze mendi batean izanen da, bi
gaixtaginen artean gurutzefikatua. Apostoluentzat, Mesiasen bi aurpegi hauetan Aitaren itxura ikustea,
zailtasun haundia ziteken. « Ni ikusi nauenak, Aita ikusia du » dio Jesusek erranen Filiperi bere hiltzearen
bezperan (Jn 14,9). Eta Joanik, Kristoren itxuraldatzea ikusi duenak, aitzin solasean idatziko du: « Ikusi dugu
haren Jainko-aintza, maitasun eta egiaz betea den Seme bakar gisa Aitarenganik daukan aintza… Sekula
nehork ez du Jainkoa ikusi; Aitaren baitan dagon eta Jainko den Seme bakarrak eman dauku haren berri. »
Bi itxura hauek, ospea eta atsegabea, Jainkoak gizadiaren aldera daukan maitasunaren bi aurpegi dira.
Jesusek berak, Gizonaren semeaz mintzo delarik, aintzaren eta pairamenaren arteko lotura egiten du, bainan
San Markek ez zutela deus ulertu salatzen du: « Bainan heiek ele horiek ez zituzten konprenitzen, eta
argitasunak eskatzeko beldur ziren. » (Mk 9,32)
« Mintzo bat izan zen hedoitik ». Jesusen bataioa oroitarazten dauku. Bataioan, mintzoa Jesuseri
buruzkoa zen : « Eta zerutikako mintzo bat entzun zen : zu zaitut neure Seme maitea, zu zaitut atsegin ».
(Mk 1,11) Aldiz itxuraldetzean, mintzoa dizipulueri ari da : « Eta mintzo bat izan zen hedoietik: « Hau da
nere Seme maitea. Entzun zazue. » Dizipuluen beharrietan, gomita hunek (« entzun zazue »), oihartzun
egiten du beren otoitzetan Juduek egunoroz « shema Israel » (« entzun Israel ») errepikatzen baitute.
Konfiantxaren deia, zernahi gertaturik ere. Heldu diren hilabeteetan, konfiantxa hori aski porogatua izanen
da, Itxuraldatzearen ondotik egun latzak heldu baitira: Galileako predikua bururatu da eta Jesusek
Jerusalemgo eta gurutzearen bidea hartuko du. Bainan hau dena ixildu behar da, dizipuluak ez baitira oraino
Kristoren misterioaren ulertzeko prest. Itxuraldatzeko argiak ez du tronpatu behar : maitasunaren argia da.
«Ni ikusi nauenak Aita ikusia du »… Apostoluek amestu botere haundietarik urrun gira. Ixilik egoitea
galdetuz, Jesusek ikustera emaiten du pizteak duela misterioa argituko. Orai menditik jautsi behar da, hor
egoiteko tentamendua urrunduz eta erasoari, hiltzeari buru egin. Ikuskaria ezeztatu da: « Ez zuten Jesus
baizik ikusi berekin »: lerro hunek badu bere garrantzia: Seme maitea dela erakutsi ondoan, lerro hunek dio
Jesusek bere baitan betetzen dituela Legea eta Profetak.