Larritasuna eta otoitza (Joan 12,20-33)
Garizumako 5. igandea B (2018-03-18)

Lehen irakurgaiak (Jeremias 31,31-34), kutsu guztiz baikorrekoak, elkargo berri bat iragartzen du Jainkoaren eta herriaren artean. Dena oso erraz gertatuko da, kasik era mirarizkoan, ahalegin berezirik gabe bai Jainkoarentzat, bai guretzat. Ostera, beste bi irakurgaiek irudi oso desberdina dakarkigute: Jainkoaren eta herriaren arteko elkargo berriak sakrifizio latza eskatuko dio Jesusi. Larritasuna eragingo dion sakrifizioa eta Aitari otoitz egitera bultzatuko duena. Esperientzia tragiko hau bi bertsiotan gogoratuko dugu gaur: Joanena, batetik; Hebrearrei egindako idazkikoa bestetik; ebanjelio sinoptikoen (Mateo, Markos, Lukas) kontatu diguten oliba-arbolen baratzeko otoitzaren kontakizun ezaguna iradokitzen digu azken honek.

Otoitza tenpluan (ebanjelioa: Joan 12,20-31)

Laugarren ebanjelioak modu partikularrean fokatu du nekaldiaren kontakizuna, aski sinoptikoena ez bezalakoan: ez du azpimarratu Jesusen sufrimendua, baizik eta une guztietan azaltzen ditu jauntasuna eta aginpidea. Horregatik, ez dakar baratzeko otoitza. Baina egun batzuk lehenago Jesusek izandako antzeko esperientzia bat kontatu digu, Jerusalemgo tenpluaren lautadan gertatua.

Garaipen-kutsua dute ebanjelio honen hasierak eta bukaerak. Hasierako garaipen kutsu hori Jesus ezagutzeko batzuek agertu duten gogoan zehaztu da (bigarren mailakoa da «batzuek» horiek «jentil» edo pagano izatea, itzulpen batzuek dakartenez edota «greko-hizkuntzako juduak» izatea, beste lurralderen batean bizi eta Pazko-jaia ospatzera etorri direnak, alegia). Eta garaipen horrek, gutxi batzuen irrikan islatuak, maila unibertsala harrapatuko azkenean: «denak neugana erakarriko ditut».

Alabaina, garaipen-esparru hau eszena tragiko baten barruan dator: jakinaren gainean dago Jesus, garaipena lortuko badu, hil egin behar duela, gari-aleak bezala; «lurretik gora altxatuko dute», gurutzean josiko. Ikusmira honetan aitortu du: «larri sentitzen naiz», estu. Eta bihotz-jarrera hori gainditzen saiatu da, otoitz eta gogoeta eginez. Lehenik eta behin, bere burua konbentzitzen saiatu da, hil beharra duela: gari-aleak bezala, lurrean galdu beharra izaten baitu fruitu eman ahal izateko. Baina, arrazoi-argudioek ez dute balio handirik izaten lagun bat estu eta larri sentitzen denean. Jainkoari eskatzeko gogoa otu ohi da orduan: «Aita, atera nazazu ordu honetatik». Baina uko egin dio horri, hain juxtu horretarako etorria dela gogora ekarriz, hiltzeko etorria dela, alegia. Aitari libra dezan eskatu ordez, gauza guztiz desberdin bat eskatu dio: «Aita, goretsi ezazu zeure izena». Inporta duena ez da nork bere bizia gordetzea, baizik Jainkoaren aintza.

Otoitza Getsemaniko baratzean (Hebrearrei idazkia 5,7-9)

Ebanjelio sinoptikoetako (Mateo, Markos, Lukas) kontakizuna oso ezaguna da: Jesus oliba-arbolen baratzera joan da atxilotuko duten arratsean. Badaki hilko dutela, larritasun sakona sentitu du, eta hirutaraino erregutu dio Aitari eskatuz, ahal bada, libra dezala ataka garratz horretatik. Hebrearrei egindako idazkian idazlea ez da luzatu gertatua kontatzen. Baina gogora ekarri digu kinka horren izugarritasuna: esan digu, Jesusek «oihuka eta malkotan» egin zuela otoitz; ebanjelioetako batek ere kontatzen ez duen zertzelada da. Eta eskatzen duena («joan dadila nigandik kaliza hau») idaroki du, esatean, «heriotzatik libra zezakeenari» erregutzen diola.

Halere, irakurgaiaren azkena baikorra da: Jesusek betiko salbatuko ditu berari obeditzen diotenak. Kontraste honen baitan, tragediaren eta garaipenaren artean, hitz harrigarri hauek: «bere larritasunean entzun zion [Jainkoak]». Agian, Lukasen kontakizuna izan du gogoan idazleak, Jesus kontsolatzera etorri den aingeru bat aipatzen baitu ebanjelariak. Baina ebanjelioa ezagutzen duena konturatu da hitz hauetan gorderik dagoen ironiaz edo misterioaz: Jesusi entzun dio [Jainkoak], baina hil egin da.

Tenplua eta baratzea

Begi-bistakoa da bi irakurgaien arteko erlazioa. Bi kasuetan ageri da Jesus estu (Joan) edo larri (Hebrearrei). Bi kasuetan jo du otoitzera. Bietan, azken hitza ez da heriotza, baizik eta Jesusen garaipena eta, harekin, gu guztiona. Baina, antzekotasun hauen artean, bada alde handi bat Jesusen otoitzari dagokionez: ebanjelioa, uko egin dio salba dezan Aitari eskatzeari, soilik Jainkoaren aintza nahi du, berak egundokoa jasan beharko duen arren; Hebrearrei idazkian, «oihuka eta malkotan» erregutu dio Jesusek, heriotzatik libra dezan.

Gaur egungo biblia-zientziak, kontakizun hauek gertaera bat beraren bi bertsiotzat hartzeko joera du. Baina urtetan eta mendetan ebanjelioko datuak harmonizatzeko joera nagusitu izan da. Azken joera honen arabera, kontakizunek bi une edo kinka desberdin eta bata bestearen segidako ikusten dituzte Jesusen esperientzia gizatar eta erlijiosoan.

Lehen une batean, heriotzaren larritasunaren aurrean, arrazoizko gogoetan babestu da Jesus (hiltzera etorria naiz, gari-alea bezala) eta uko egin dio salba dezan Aitari eskatzeari. Egun gutxiren buruan, nekaldia eta heriotza ahalbide huts ez baizik ziurtasun direnean, oihuka eta malkotan erregutu dio Jainkoari, izerdia botaz (Lukasek gehitu bezala): «Aita, ahal bada, joan dadila nigandik kaliza hau». Erreakzio gizatarragoa, baina Joanek dioenarekin bateragarria.

Aste Santuaren atari honetan, Jesusen esperientzia eta erreakzioa etsenplu bikain dira, geure larrialdietan eta adore-faltan bihotz emateko, eta berak heriotzaraino egin duen bere buru-eskaintza eskertzera garamatza.

José Luis Sicre