Gurasoren eta semeren lau istorio (Lukas 15,1-3.11-32)

Garizumako 4. igandea C 2019-03-31

Joan den igandean, bihotz-berritzeaz ari zela, Jesusek kontatu zigun nola mahastizain batek salbatu nahi zuen fruiturik ematen ez zuen pikondo bat, jabeari urtebeteko epe bat eskatuz. Esan genuen, pikondo hartan geure burua ikusi beharko genukeela eta eskerrak eman beharko genizkiokeela mahastizainari guri zutik eusteko ahaleginagatik. Igande honetako ebanjelioak ere bihotz-berritzea du erdigune, baina ikuspuntu oso desberdin batetik joz: jabea aita bihurtu da, eta ez du pikondo bat, baizik bi seme. Parabolaren historia ezaguturik eta Pauloren gutuneko irakurgaia kontuan harturik, lau aitaz eta hainbat seme desberdinez hitz egin genezake.

1.-Seme bihurria eta barkatzaile den aita haserrekorra (Oseas)

Jainkoaren eta Israel herriaren harremanak aita batek seme batekin dituenekin parekatzeko ideia, lehenengoz, dakigunez, Oseas profetari otu zitzaion, K.a. VIII. mendean. Poemetako batean, erabat semeari emana den aita bezala aurkeztu digu Jainkoa: oinez ibiltzen irakatsi dio, besoetan hartzen du, jaten emateko makurtzen da; metaforatik errealitatera igaroz, haur zenean Egiptoko esklabotzatik askatu zuen. Baina Israelen, semearen, erantzuna ez zen izan espero zitekeena: zenbat eta gehiago deitu aitak, orduan eta gehiago urruntzen da harengandik, gustukoagoa du kanaandar, baalen, lagunartea. Legearen arabera, seme bihurria, ez aita eta ez ama errespetatzen ez duena, juzkatu egin behar da eta harrikatu. Jainkoak, ordea, semea beste era batean zigortzea pentsatu du: Egiptora itzularaziz, esklabotzara, alegia. Baina ezin du. «Nolatan uzten ahal zaitut, Efraim, nolatan uzten ahal zaitut besteren esku, Israel? Bihotza itzulikatzen zait, erraiak nahas-mahas bihurtzen. Ez dut beteko nire gaitzespena, ez zaitut suntsituko gehiago, Jainko bainaiz eta ez gizaki, Santua naiz zuen artean eta ez etsai hondatzaile» (Oseas 11,1-9).

Oseasek aurkeztu digun semeak Lukasen parabolakoaren antz handia du: biak urrundu dira aitagandik, arrazoi oso desberdinez bada ere: Oseasena kultu paganoak eskaintzeko, Lukasena lasaka bizitzeko.

Alde handiagoa dute bi aitek. Oseasenak haserreari eta zigortzeko gogoari bide emanez erreakzionatu du hasieran, aita gehienei gertatuko litzaiekeen bezala. Hasierako erreakzio hori gauzatzen ez badu, arrazoi honengatik da: «Jainko naizelako eta ez gizaki», eta Jainkoaren jokabide tipikoa barkatzea delako. Lukasek ez du adierazi, aitak zer sentitu duen, semeak azaldu dionean etxetik alde egitea erabaki duela esan eta senipartea eskatu dionean; oztoporik jarri gabe eman dio, ez dio bota aholku oneko hitzaldirik ere.

2.- Seme damutua eta harrera egin dion aita (Jeremias)

Oseasen eta Lukasen arteko alde handia istorioaren bukaeran dago: Oseasek ez du argitu nola bukatu den istorioa, ondo bukatu zela ematen duen arren. Lukas luzatu egin da semearen zoriaren aldaketa kontatzen: lur jo eta txerrizain eta barregarri bizi delarik, irtenbide hau otu zaio: aitagana itzuli eta aitari barkazioa eta lana eskatzea. Aitzitik, ez dakigu zer erabili duen aitak buruan urte horietan. Lukasek azken erreakzioa nabarmendu du: urrunera barruntatu zuen aitak, gupidatu zen, korrika joan zitzaion, lepotik heldu eta besarkatu zuen. Semeak bere bekatua aitortu dionean, ez dio ezarri oker-ordainik, ezta eman ere aholku onik. Ematen du ez diola entzuten ere, zerbitzariei agindua ematea du bere ardura guztia, otordu bat eta jai handi bat antola ditzaten.

Nolatan otu zitzaion Lukasi semearen konbertsioaz hitz egitea? Oseasek ez dakar ezer ere horretaz, baina Jeremiasek bai. K.a.VII. mendearen azken aldiko profeta honek oso gustukoak zituen Oseasen poemak eta batzuetan egokitu egiten zituen bere predikuan. Ordurako, Ipar Erreinuak jasana du asiriarren zigor latza. Herriak uste du, Oseasek iragarritako barkazioa ez dela bete; baina ez Jainkoaren erruz, baizik beraren bekatuengatik. Eta eskatzen dio: «Itzul nazazu eta itzuliko naiz, ene Jauna baitzara zu, ene Jainkoa; urrundu banintz ere, damutu nintzen gero, eta jabetu nintzenean bular joka hasi nintzen; ahalke eta lotsa sentitu nuen neure gaztaroko desohoreaz konturatzean». Eta Jainkoak erantzun dio: «Ene seme Efraim maitea da-eta, ene haurra, ene lilura. Agiraka egiten diodan bakoitzean gogoratzen naiz horretaz, erraiak nahas-mahas egiten zaizkit eta gupidari ematen diot amore» (Jeremias 31,18-28). Herriaren damua eta bekatuen aitorpena islatzen duten hitz hauetan oinarritzen da Lukasengan semearen erreakzioa.

3.- Bi seme oso desberdinen aita (ebanjelioa)

Halaz guztiz, parabolaren aurrekoa irakurtzean, ohartzen gara problema ez dela Jainkoa, baizik eta gizaki batzuk. Jainkoari ez zaio kostatzen barkatzea, baina bada barkatu nahi izaten ez duen jenderik. Jesus gaitzesten dute, zerga-biltzaileekin eta prostituituekin harremanak dituelako eta halakoekin otorduak egiten dituelako.

Orduan ezusteko bat atera du Lukasek kolkotik, egundoko harridura eragin duena. Ez Oseasengan, ez Jeremiasengan ez zegoen pertsonaia bat tartekatu du parabolan: anaia nagusia, aita sekula utzi ez duena eta jokabide onaren eredu izan dena. Lege-maisuak eta fariseuak, jende ona, ordezkatzen ditu. Aitari aurre egitera ausartu da, haiek Jesusi bezala: lotsagabeki eta beraren jokabidea aurpegiratuz.

Aitak leun erantzun dio, ohartaraziz, gaitzesten duen hori bere anaia duela. «Hila zegoen eta bizi da. Galdua zegoen eta aurkitu dugu».

Balio izan al du irakaspen honek? Lege-maisu eta fariseu gehienek erantzungo zuten: «Ondo zegoen hilik, hau pena itzuli izana!» Ez genuke gaitzetsiko haien erreakzioa, zeren eta gutako gehienena izango bailitzateke, guk egokitzat jotzen duguna ez bezalako jokabidea bizi duen jendearen aurrean. Mundu askoz hobea izango litzateke lapurrik gabe, hiltzailerik, terroristarik, adulteriogilerik, abortu zalerik, gayrik, lesbianarik, transexualik. bisexualik, banku-jaberik, politikorik… gabe; nork bere zerrenda luza lezake, bere gustuen eta ideologiaren arabera.

Aitaren eta seme nagusiaren arteko aldea honetan dago: anaia nagusiak seme gazteenaren jokabideari bakarrik erreparatu diola: «bere ondarea prostituituekin xahutu du». Aitzitik, aitak sakoenera jo du: «zure anaia hau». Jesusek, otorduak zerga-biltzaileekin eta bekatariekin egiten dituenean, ez dio erreparatzen bizi izan duten jokabide txarrari, baizik eta Jainkoaren seme-alaba eta bere anai-arreba bezala ikusten ditu. Jakina, gauza zaila da hau. Horretara iristeko, fede handia behar da eta maitasun handiagoa.

4.- Aita seme batekin eta adoptatu askorekin (2. irakurgaia: 2 Ko 5,17-24)

Paulok korintoarrei esaten dienak, bide ematen digu istorio bat proposatzeko, aurrekoaren ildokoa. Aita honek seme bat du; baita jende adoptatu askoren multzo handi bat ere, guztia beharreko biziera bizi duena. Baina aita ez da geratu etxean haiek noiz etorriko zain. Bere semea bidali die, itzuli daitezen saiatzera. Ez du bizi behar parabolako seme nagusiaren jokabidea, ez die aurpegiratu behar ezer ere, ezta «kontuak eskatu ere beren bekatuez». Alabaina, halakoak konbentzitzeko, hil egin behar du, eta gustura hartu du semeak eginkizuna. Nola bukatu da istorioa? «Kristoren izenean eskatzen dizuegu: berradiskidetu zaitezte Jainkoarekin». Gure esku dago. Jarrai genezake Aitagandik urrun edota itzuli beragana.

Oharra lehen irakurgaiaz (Josue 5,9a.10-12)

Garizumako igandeetako lehen irakurgaiek Salbamen Historiako pasadizo nagusiak bildu ohi dituzte. Abrahamen (2. igandea) eta Moisesen (3. igandea) ondoren, herriak Pazkoa lehen aldiz ospatu zuen pasadizoa gogoratzen dugu, eta Egiptotik irten zenetik ospatzen duena, Hitzemandako Lurraldean fruituak gozatzen dituelarik.

José Luis Sicre