Hiltzeko hiru era eta salbatzeko bat bakarra (Lukas 13,1-9)
Garizumako 3. igandea C 2019-03-24

Gaurko ebanjelioa Lukasek bakarrik dakar, ez du ordezkorik ez Mateogan, ez Markosengan. Eta pasartea banatzean ikus ditzakegun hiru zatietan gai bera da erdigune, oso egokia Garizumarako: bihotz-berritzea.

Hiltzeko hiru era

1)Pilatok asasinaturik; 2) dorre batek azpian harturik; 3) bihotz-berritzeari uko eginik.

Dena galilear Jesusi albistea emateko itxurazko asmoarekin hasi da: zer egin dien erromatar prokuradoreak beste galilear batzuei, nola erail dituen tenpluan opariak eskaintzen ari zirela (1). Ematen du txosten edo albiste informal bat dela; egiaz, ordea, tranpa oso maltzurra da: inork ez dio galdetu zer irizten dion gertaera honi; kasuaren berri ematera mugatu dira. Haserre erantzuten badu, agintariekin liskartuko da; mutu gelditzen bada, galilear gaizto eta israeldar txar agertuko da.

Gertaera kontatzera etorri zaizkionentzat, arazo guztia erailak izan diren galilear batzuen, Pilatoren eta Jesusen artekoa da. Kontatzaileak albistea ematera mugatu dira, egunkariak bezala; gertatuak ez die erasaten maila pertsonalean. Eta puntu honetan harrapatu ditu Jesusek, beren tranpan. Ironia guztiz fin batekin jakindakotzat eman du ezen albistariek ez diotela eskatzen politika-mailako adierazpenik (adibidez, Pilato erailea dela edota erromatarrak madarikatuak direla esatea), baizik eta maila erlijiosoko adierazpen bat eskatzen diotela (adibidez, galilear horiek bekatari zirelako hil dira, esatea). Izatez, garai hartako judurik gehienek (eta gaur egungo kristau askok) uste zuten, zoritxar bat bekatu baten ondorio izaten zela.

Jesusek, ordea, beste bide bat, oso desberdina, hartu du. Inporta duena ez dira, ez erailak izan diren galilearrak, ez Pilato eta ez Jesus. Inporta duena albistariak berak dira, galdezka etorri direnak, gertaera horrekin zerikusirik ez dutelakoan egon daitezkeenak. Uste badute, galilear horiek albistariak berak baino bekatariago zirela, oker dabiltza. Oker dabiltza, era berean, uste dutenak ezen Siloeko dorreak azpian harturik hil direnak gainerakoak baino bekatariago zirela.

Heriotza ez dute eragiten politiko zuzengabe eta kriminalek bakarrik (Pilatok) edota saihesgarri diren zoritxar naturalek (dorreak) bakarrik. Bada beste mehatxu bat, askoz larriagoa: geuk hariltzen edo moldatzen duguna, bihotz-berritzeari uko egiten diogunean.

Jainkoak pikuak eskatzen dizkio pikondoari, eta ez udareak zumarrari

Serioski ohartarazteko baliatu da Jesus galilearren eta dorrearen historiaz, eta bi bider: «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Hain mehatxagarria den tonuera honek Joan Bataiatzailearena dakarkigu gora, deiadarka esan zuen hura: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela? (…). Prest dago jada aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sura botako da» (Lukas 3,7-9). Jesus joan den mendeko 80. hamarkadako hippyak bezalakotzat, loreak eta musuak banatuko banatuko balitu bezala, hartzen dutenek, ez dute irakurri ebanjelioa sekula. Jesusek ez du ekarri bakea, baizik eta ezpata.

Baina hain seriosa den bihotz-berritzeko gonbit hau, bestela galdu egingo direla mehatxu egiten duen hau, ez da oker hartu behar. Jainkoa ez da etorriko gure gainera dorre bat bezala, ez ditu bidaliko aingeruak ezpata airean dutela. Parabola labur baten bidez, Jainkoak nola tratatuko gaituen adierazi du Lukasek, laborari zentzudun, errealista eta pazientziadun batek bezala.

Zentzuduna: era arrunt edo berezkoan eman dezakeguna bakarrik eskatzen digulako, ahalegin apartekorik gabe. Pikondoari pikuak eman ditzan eskatzen dio, ez platanorik, ez meloirik. Gugandik espero duena, norberak pentsatu behar duena da, bere inguruabar familiarrak eta laboralak kontuan izanik, baina sekula ez du espero izango gure gaitasunaren gaindikorik.

Errealista: engaina dezagun uzten ez digulako. Pikondoak hiru urte ditu fruiturik eman gabe. Jainkoarekin ez dute balio ikasle txarraren aitzakiek, lan asko egin duela esaten baitu, ikastaro osoan kolpe zorririk jo ez duenean. Gure artean batak bestea engaina dezakegu, fruitu ematen dugula esanez; Jainkoa ez.

Pazientziaduna: hiru urtez itxaron du, eta prest dago beste urtebete ere itxaroteko.

Baina parabola ez da mintzo mahastiaren jabeaz bakarrik. Mahastizaina da protagonista handia, berak erregutu dio pikondoaren alde eta bera konprometitu da ingurua aitzurtu eta ongarria botatzeko. Mahatsondoak gutako bakoitza ordezkatzen duenez gero, mahastizaina Jesus izango da. Espero izatekoa da, mahatsondoak fruitu emango duela, ez beraren indarrez bakarrik, baita mahastizainaren ekintzari esker ere.

Azken batean, azken parabolatxoak aski ñabartzen du ebanjelioaren lehen zatiaren gogortasuna. Baina ñabartzeak ez du ezabatzea esan nahi. Fruiturik eman nahi ez izatean tematzen bagara, Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko geure harremanek hobera egiten ez badute, Jesusen aitzurtze eta ongarritze guztiak alferrik izango dira; mahatsondoa bota egingo dute.

Bigarren irakurgaia: Gu ez gara, ez desberdin, ez hobe (1 Ko 10,1-6.10-12)

Ebanjelioan, Jesusek ohartarazi die entzuleei, ez dutela uste izan behar, berak hobeak direnik Pilatok eraildakoak baino edo dorreak azpian hartu dituen haiek baino. Bigarren irakurgaiak gogarazi digu, gu ez garela Israel herri baino hobe. Jainkoak eskainitako hainbat mesede eta guzti (Itsasoa igarotzea, mana, arrokatik ura ateratzea), israeldar asko ez ziren izan Jainkoaren atsegin eta basamortuan izan zuten beren azkena. Hau guztia, adibide eta eskarmentu izan beharko genuke. Gauza bera gerta dakiguke haiek bezala jokatzen badugu. Esan dezagun ebanjelioko hitzez: «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete ere berean».

Lehen irakurgaia: Moises (Irteera 3,1-8.13-15)

Joan den igandean Abraham gogoraturik, gaur Moisesen bokazioa entzungo dugu. Irteera liburua Jainkoaren kezkaz eta arduraz mintzo zaigu, Egipton esklabo bizi den bere herriari dagokionez. Moisesen bokazioa izango da askapenaren lehen ekintza. Horregatik errepikatzen du Salmoaren leloak: «Gupidatsua da Jauna eta errukitsua».

José Luis Sicre

(1) Flavio Josefo ez da mintzo gertaera honetaz, baina bai beste hilketa-sarraski batez, ubidea eraikitzeko tenpluko altxorra erabiltzearen aurka jaikitako matxinada batean (Guerra de los Judíos, libro II, 175-177). Ez informaziorik Siloeko dorrearen erorketaz ere.