Gaitza ba al da, existitzen al da?

Duela hilabete batzuk segidako testu hau jaso nuen: «Unibertsitateko irakasle batek galdera honekin bota zien desafioa ikasleei. “Existitzen den guztia kreatu al zuen Jainkoak?” Ikasle batek adoretsu erantzun zion: “Bai, hala egin zuen”. Irakasleak berriro: “Jainkoak kreatu zuen den-dena?” Ikasleak: “Bai, jauna”. Irakasleak: “Jainkoak dena kreatu bazuen, gaitza ere Jainkoak kreatu zuen, gaitza ere existitzen baita. Eta gure egintzak gure isla direla kontuan harturik, Jainkoa gaiztoa da”. Ikaslea isilik gelditu zen erantzun haren aurrean, eta irakaslea, zoriontsu, harro agertu zen, beste behin ere frogatu zuelako fedea ipuin bat dela.

Beste ikasle batek eskua altxatu zuen: “Egin al dezaket galdera bat, irakasle?” “Jakina”, erantzun zion irakasleak. Gazteak zutik jarri eta galdetu zion: “Irakasle, hotza existitzen al da?” Irakasleak: “Zer galdetzen duzu? Jakina, existitzen dela, ez al duzu zuk hotzik izan sekula?” Gazteak erantzun: “Izatez, irakasle, hotza ez da existitzen. Fisikako legeen arabera, hotza esaten dugu hori, errealitatean bero-falta da. Edozein gorputz edo objektu azter daiteke energia duenean edo transmititzen duenean, beroari zor dio gorputz hark energia izatea edo transmititzea. Zero absolutua erabateko eta guztizko bero-falta da, gorputz guztiak orduan zurrun edo inerte bihurtzen dira, erreakzionatzeko ezgai, baina hotza ez da existitzen. Termino hori sortu dugu berorik ez dugunean nola sentitzen garen deskribatzeko”.

“Eta, iluna existitzen da?”, jarraitu zuen ikasleak. Eta irakasleak erantzun: “Jakina, ba”. Ikasleak erantzun zion: “Beste behin, oker zabiltza, jauna; iluna ez da existitzen. Argi-falta da iluna. Argia azter daiteke; iluna ez. Are gehiago, badugu Nichols prisma argi zuria deskonposatzeko, osagai dituen hainbat kolore bereiziz, bakoitza bere uhin-longitude desberdinekin. Iluna ez. Argi-izpi soil batek iluna urratzen du eta argitzen argi-izpia bukatzen den eremua. Nola jakin dezakezu zein ilun dagoen eremu jakin bat? Eremu horretan dagoen argi-kantitatearen arabera bakarrik, ezta? Iluna gizakiak sortu duen termino bat da, argirik ez denean zer gertatzen den deskribatzeko”.

Azkenik, gazteak galdetu zion irakasleari: “Jauna, gaitza existitzen al da?” Irakasleak erantzun zion: “Jakina, existituko ez da, ba? Hasieran esan nuen bezala; bera dela-eta ikusten ditugu biolazioak, krimenak eta indarkeria mundu osoan; gauza horiek gaitzarenak dira”. Ikasleak erantzun zion: “Gaitza ez da existitzen, jauna, edota, gutxienez, ez da existitzen berez. Gaitza, soil-soilik, Jainkoaren absentzia da; aurreko kasuetan bezala, gizakiak sortu duen termino bat da, Jainkoaren absentzia hori deskribatzeko. Jainkoak ez zuen kreatu gaitza. Ez da fedea eta maitasuna bezala; hauek existitzen dira, beroa eta argia existitzen diren bezala. Gaitza ondorio bat da: gizadiak Jainkoa bere bihotzean ez izatearen ondorioa. Hotzaren kasua bezala da, berorik ez denean, edota ilunaren kasua bezala, argirik ez denean”. Orduan irakaslea, buruaz baietsi ondoren, isilik gelditu zen. Ikasle gazteak Albert Einstein zuen izena.

Hermann Rodriguez Osorio, S.J.
(D. Amundarainek euskaraz)