Familia Santuaren Jaia. B urtea. 2014-12-28

Zeinetan garrantzizko gaia ez baita familia

Bata bestearen egoki datozen bi irakurgai

Familia Santuaren jai batean, espero izatekoa da, irakurgaiek familia-bizitza bitzera eragingo digutela. Horixe gertatzen da gaurko lehen bi irakurgaiekin.

Ben Sirak edo Eklesiastiko liburuak semeak gurasoei izan behar dien begirunea azpimarratzen du; Seguru Sozialik ez zen garai hartan, «aita eta ama ohoratzeak» gurasoei laguntza ekonomikoa ere eman beharra zekarren. Ez zen hori, ordea, guztia; gurasoen akatsak ere jasan egin behar ditu semeak, baita gurasoek «burua galtzen badute ere».

Kolosarrei egindako gutuna, berriz, azken aldera emazte, senar, seme-alaba eta gurasoentzat dakartzan aholkuengatik aukeratu dute. Lehen mendeko kulturan oso «aurrerakoi» bide ziren. Gaur egun, aipatu horietako lehenak jende askoren haserrea eragiten du: «Emazteok, izan zeuen senarraren mendeko, Jaunaren jarraitzaileei dagokien bezala». Garai hartako historia ezagutzen denean, errazago izan ohi da idazleari ulertzea.

Ebanjelio atipikoa

San Lukasek jakin izan balu, mende batzuk geroago, Familia Santuaren Jaia asmatuko zutela, segur aski luzeago idatziko zuen gaurko ebanjelio honen esaldia: «Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen». Baina ez zuen idatziko pasadizo tipikoa, zeinetan Jose esku zerraz ageri baita lanean eta Andre Maria josten, haurrak aitari laguntzen diolarik. Lukasek ez ditu atsegin pasadizo erromantikoak, ahogozo huts direnak.

Ez idatzi, ordea, irudimenezko pasadizo hori; horregatik, ebanjelio aski bitxi bat aukeratu behar izan du liturgiak. Zeren, Familia Santuaren jai honetan, pertsonaia garrantzizkoenak bi ezezagun dira: Simeon eta Ana. Jose ez da aipatzen ere bere izenaz (soilik, «Jesusen gurasoak» aipatzen dira eta, geroxeago, «haren aita eta haren ama»). Haurra berrogei egunekoa da soilik, eta ez du ezer esaten, ez ezer egiten, ezta negarrik ere. Soilik, Andre Maria nabarmentzen da modu berezian Simeonek ematen dion bedeinkazioan, baina bedeinkazioa baino gehiago ijito-madarikazioa (maltzurra) dela ematen du.

Halere, Jesusen familiaz dugun datu-eskasia eta guzti, bada Lukasek aspertzeraino azpimarratzen duen xehetasun bat: lau aldiz errepikatzen du, Jaunaren legean erabakitakoa betetzeaz kezkatua dela ezkon bikotea. Egundoko garrantzia du xehetasun honek. Jesus, jende askok judu txarra eta Moisesen Legearen etsaia dela aurpegiratu dion hori, familia jainkozale eta ereduzko batean jaio eta hazi zen. Itun Zaharrak eta Berriak bat egin dute etxe honetan, zeinetan haurra hazi eta indartu baita.

Zeregin bera gauzatu dute Simeonen eta Anaren irudiek. Biak dira israeldar peto-petoak, jainkozaletasun tradizional eta benetakoaren ereduak. Eta biek sumatu dute beren esperantzarik handienak Jesusengan bete direla.

Azken ezustekoa

Gaurko irakurgaiek hasieran familia-arazoa zuten ardatz; azkenean, ordea, Jesusengan ezarri dute beren arreta. Oinarrizko bi xehetasun hauekin:

1.-Jesus da garrantzizkoa. Simeonen pasadizoak Mesias bezala aurkeztu du Jesus, salbatzaile, nazioen argi, Israelen aintza bezala. Anak ere Jesusengan ezarri du bere esperantza: Jerusalem askatuko duela. Jose eta Maria garrantzizkoak dira, baina bigarren mailakoak.

2.-Nahasgarri eta estutasun-bide da Jesus. Simeonek hartaz dioena, aldi berean, nahasgarri eta miresgarri gertatu zaie Joseri eta Mariari. Alabaina, Mariari iragarri dio zoririk latzena. Ama orok nahi izaten du beraren semea maitatua eta errespetatua izatea, beretzat pozgarri izatea. Jesus, ordea, pertsonaia eztabaidatua izango da, batzuek onartua, beste batzuek ukatua, eta amari ezpata batek zeharkatu dio arima. Lukas aurresaten ari da zer izango den Mariaren bizitza, ez gurutze-oinean bakarrik, baizik bizitza guztian ere.

José Luis Sicre