HAURRAREN MISTERIOAREN AURREAN
(Lc 2,1-14 / Lc 2,15-20 / Jn 1,1-8
Eguberri eguna C 2018-12-25

Gizon-emakumeok edozertara ohitu ohi gara azkenean. Sarritan, ohiturak eta ohikeriak hustu egin ohi dute gure bizitzan bizia den guztia. Ch. Peguyk esana da: «bada galdua den arima bat baino okerrago den zerbait, eta edozertara jarria den arima da». Horregatik, ezin harritu gintezke gehiegi, entzuten badugu, hainbat jenderi ez diola sortzen ez ezer berririk, ez ezer gozorik, Eguberriak ospatzeak; «ohiturari emaniko arima duen» jendea baita.

Ohiturik gaude entzutera, «Jainkoa Betleemeko ganbela batean jaio dela». Ez gaitu harriarazten jada, ez hunkitzen, entzuteak Jainkoa haur bezala eskaini zaigula. A. Saint-Exupéryk dio bere Printze Txiki liburu ederrean: «Adin handiko jende guztia haur izana da garai batean. Baina gutxi gogoratzen da horrretaz». Ahaztu egiten zaigu zer den haur izatea. Eta ahaztu egin zaigu ezen Jainkoaren lehen begiratua, mundura hurbiltzean, haur baten begiratua izan dela.

Baina horixe da Eguberrietako albiste handia. Jainkoa misterio da eta misterio izaten jarraitzen du. Alabaina, orain badakigu ez dela izate ilun bat, larriarazten duen eta izugarria den bat, baizik eta hurbileko bezala eskaini zaigun norbait dela, babesgabe, bihozkoi, haur baten txeraz eta gardentasunaz dirdaitsu.

Eta hauxe da Eguberrietako mezua. Jainko horrekin topo egitera irten behar dugu, bihotza aldatu eta haur bihurtu beharra dugu, berriro jaio eta bihotzaren gardentasuna berreskuratu beharra, graziara eta barkazioari bihotza ireki beharra.

Geure izugarritako azalkeria eta guzti, geure eszeptizismoa nahiz uste galdua eta, batez ere, «jende helduaren» geure aitortu ezineko egoismoa eta zirtzilkeria eta guzti, badugu geure bihotzean barne-barneko txoko bat zeinetan ez baitiogu oraino haur izateari utzi.

Ausart gaitezen behin gutxienez geure buruari xume eta ezer gorde gabe begiratzera. Sor dezagun isiltasun-apur bat geure inguruan. Itzal dezagun telebista. Ahantz gaitezen geure presaz, urduritasunaz, erosi beharraz, konpromisoez.

Entzun dezagun geure baitan dugun «haur-bihotz» hori; oraino irekia dago biziera egiati, onbera eta Jainkoarekiko fidakor izateari. Gerta dakiguke geure bizia beste era batean ikusten hastea. «Ezin ikusi da ondo, bihotzaz baizik. Funtsezko gauza ikusezin da begientzat» (A. Exupéry).

Eta, batez ere, gerta dakiguke dei bat entzutea fede berri batera jaiotzera. Zurruntzen ez duen, baizik eta gaztearazten duen fede bat; geure baitan itxiarazten ez, baizik eta irekitzen gaituena; bereizi ez, baizik eta elkartzen gaituena; errezelorik ez, baizik eta konfiantza eragiten duena; tristatzen ez, baizik eta alaitzen duena; beldurrik ez, baizik eta maitasuna sortzen duena.

Jose Antonio Pagola