Andre Maria Jainkoaren Ama IRUZKINA J.A. Pagola 2015-01-01

AMA GURE BIDELAGUN

Esan ohi da gaur egungo kristauak beste aro batzuetako fededunak baino gutxiago hunkitzen garela Andre Mariaren aurrean. Agian, Mariaren debozioan izan diren sasi-joerak ikusita, errezelo eta susmo askok joak gara ustekabean.

Batzuetan, bera oso bakar harturik azpimarratu izan da Mariaren babes-eginkizuna, bere seme-alabak gaitz orotatik anparatzen dituen Amatzat emanez, bizitza ebanjelikoa kontuan izan gabe.

Beste batzuetan, Mariarekiko debozio batzuek ezin izan dute goratu Maria «ama idealizatu» baten menpetasun gaixobera sortu gabe, eta heldutasun-falta eta infantilismo erlijiosoa sustatu gabe.

Agian, Maria «emakume bakartzat», besterik ez bezalakotzat, emanez egin den idealizazio honek berak elikatu ahal izan du benetako emakumearekiko nolabaiteko mespretxua, eta horrela, behar bada, gizonezkoaren nagusitasuna sustatu duten eragileetako bat gehiago izan da. Gutxienez, ez genuke baztertu behar, arinki, katolikoei alde desberdinetatik aurpegiratzen zaigun kritika hau.

Alabaina, tamalgarria izango litzateke geure bizitza erlijiosoa pobretuko bagenu, fededunentzat Maria izan daitekeen bezalako erregaluaz ahaztuaz.

Mariaren debozioak, zuzen harturik, ez darama inor infantilismora; aitzitik, femeninotasunaren presentzia aberasgarria segurtatzen du gure fede-bizitzan. Jainkoak berak emakume baten sabelean haragitu nahi izan du. Ordudanik, esan dezakegu «Jainkoaganako eta Jainkoagandiko bidea dela femeninotasun hori» (L. Boff).

Gizadiak beharrezkoa du beti femeninotasunari ezartzen diogun aberastasun hori; izan ere, gizonezkoagan ere baden arren, emakumeagan trinkotzen da era berezian: intimitatea, onarpena, ardura, txera, samurtasuna, misterioari lotzea, haurduntza, bizia ematea.

Maria geure bizitzatik baztertzen dugun bakoitzean, geure fedea pobretzen dugu. Eta femeninotasuna mespretxatzean, ama baten besoetan eskaini zaigun Jainko horrengana hurbiltzeko balizko ubideei ixten diegu geure burua.

Jainkoaren Ama Maria santuaren jaia ospatuz hasten dugu urtea. Jainkoaren Hitzarekiko fideltasunak eta eskaintzak, xumeekin bat egin izanak, Jesus Haurrarekiko aukerei atxiki izanak, Eliza jaioberrian zerbitzari bizi izanak eta, ezer baino lehen, Salbatzailearen Ama izanak gure fedearen eta esperantzaren Ama bihurtu dute Andre Maria.

Jose Antonio Pagola