Abendualdia eta Sortzez Garbia (Lukas 1,26-38)

Bedeinkatua Jainkoa… Bedeinkatua zu (2019-12-08)

Abendualdiko A urteko bigarren igande honetan ohiko irakurgaiak leituko balira, Joan Bataiatzailea agertuko litzateke bihotz-berritzea eta bekatuen barkamena predikatzen. Eta, Abendualdiko lau igandeak bukatzean, A urteak ez zion eskainiko Andre Mariari pasarte bakar bat ere (aingeruak Joseri egindako aipamen laburra salbu). Gauza bitxia; haur bat jaiotzekoan, protagonista handia ama izan ohi da. Zorionez, 2019ko honetan, bigarren igandea abenduaren 8an dator, Sortzez Garbiaren egunean, eta igandeak jai honi uzten dio lekua (zenbait lurraldetan bederen).

Maria Sortzez Garbia izateak ez du esan nahi birjina denik

Dogma katolikoa ez da prestatua jende xumearentzat, eta erraz gerta daiteke jendeak terminoak edo hitzak nahastea. Jende askok «sortzez garbi izate» hori «erditze aurretik, erditzean eta erditze ondoren birjina izatearekin» erlazionatzen du. Ez dute, ordea, biek zerikusirik. Sortzez garbi izateak «jatorrizko bekaturik gabe izatea» esan nahi du. Jaunartze ondoko otoitzak esaten duena da: Maria gordea izan zen, sortzeko unean, lehen bekatuaren (Adamenaren eta Evaren bekatuaren) ondorioetatik, gainerako guztiek jaiotzean jasaten ditugunetatik.

Seme honek amarik hoberena merezi du

Dogma hau eragin zuen ideia, Mezako hasierako otoitzean dator: «Jainko Jauna, zeure Semeari “egoitza duina” prestatu zenion». Eta zabal adierazten da ideia hori Prefazioan: «Andre Maria jatorrizko bekatuaren mantxa guztitik gorde zenuen, graziaren betearen betez zeure Semearen ama duin izan zedin… Garbi-garbia izan behar zuen, Jauna, munduko bekatua kentzen duen Bildots errugabea emango ziguna…».

Problema

Aurreko horrek guztiak gauza logikoa dela ematen duen arren, teologoei problema handia planteatzen die: nolatan gerta zitekeen pertsona bat bekatutik libre Kristo hil aurretik, berau baita bekatutik askatzen gaituena bere heriotzaz? Horrek argitzen du zergatik egon ziren, Erdi Aroan, San Buenaventura eta Akinoko Tomas santua bezalako teologo handiak Maria jatorrizko bekatuaren mantxarik gabe jaio izanaren aurka. Ondorengo mendeetan eztabaida eta aurkaritza handiak izan ziren gai honetaz, geroz eta teologo gehiago alde agertu ziren arren, Espainian bereziki.

Aterabidea

Kurioski, dogma deklaratzeko orduan, bere eragina izan zuen, zeharka bederen, erromatarren 1849ko matxinadak, Errepublika eraikitzeko asmoz. Pio IX.a aita santua Estatu Pontifizioetatik ihes egin beharrean gertatu zen, Gaetan (Italia mendebaldeko kostaldean) babesteko. Louis Baunard historialariaren arabera, Luigi Lambruschini kardinala izan zen dogma aldarrikatzera eragin ziona: «Aita dohatsua, zuk ezin sendatuko duzu mundua Sortzez Garbiaren dogma aldarrikatuz ez bada. Definizio dogmatiko honek bakarrik berrezarriko du kristauengan egian zentzua eta atzeraraziko du giza adimena galbide duen naturalismotik». Pio IX.a bat etorri zen, baina, aurrena, munduko gotzainen iritzia jaso nahi izan zuen, zeina ere bat etorri baitzen. Dogma 1854an aldarrikatu zuen.

Oinarri bibliko baten bila

Dogma batek Biblian oinarritu behar izaten du beti. Eta horretarako eskaini ziren bi testuak lehen irakurgaian eta ebanjelioan datozenak dira. Hasiera liburuko testuan, sugea madarikatu ondoren, Jainkoak dio: Elkarren etsai egingo zaituztet hi (sugea) eta emakumea, hire eta haren ondorengotza; honek burua zapalduko dik eta hik orpotik helduko diok» (Has 3,15). Hebreerazko testuak ez du aipatzen honek (femenino) hori, baizik honek (maskulinoa) aipatzen du, nekazariaren eta sugearen antzinako etsaigoari aipu eginez (eta Jesusi aplikatzen ahal litzaioke honek maskulino hori). Baina Vulgataren testu latinoak honek maskulinoaren ordez honek femeninoa eman zuen, emakumea Mariarekin identifikatuz, sugeari burua zapaldu dion Eva berriarekin. Argudioa ez da oso indartsua, Joan Paulo II.a aita santuak aitortu zuenez, jatorrizko testua aldrebestu egin delako.

Bigarren argudioa Gabrielek Mariari egindako agurrean aurkitu zuten, «graziaz betea» (kejaritomene) deitu zion hartan. Betea izate horrek bekatu –mota oro baztertuko luke, jatorrizkoa barne.

Problema teologikoari aterabidea ematen

Aipatu testuek aski froga liratekeela emanez, nolatan egoten ahal zen Maria bekatutik aske, amak erne zuenean, Jesus artean hil ez zelarik? Teologoek erantzun hau eman zuten: Jainkoak gorde zuen «bere Semearen heriotza aurreikusirik».

Mezatara joaten den kristau xumea gogoan izanik

Aurreko hori guztia nahasmendu teologikoa irudi dakioke jende askori, eta ez dut uste handituko dionik Andre Mariaganako eraspena edo debozioa. Horregatik, egin ditzadan gogoeta lau batzuk.

A urteko abendualdiko 2. igandean, Joan Bataiatzaileak bihotz-berritzeko erregua egin digu, hau da, Jainkoagana itzuli eta bizieraz aldatzekoa. Maria da bihotz-berritze honen etsenplurik hobena. Egia esateko, ez da Maria Jainkoagana bihurtu dena, baizik eta Jainkoa da beragana bihurtu dena, Gabriel dela bide. Baina Jainkoaren eta Mariaren artean eraikiko den harremana imajina genezakeen indartsuena izango da, Espiritu Santuaren egintza eta Jesusen jaiotza direla medio. Eta Joan Bataiatzaileak norberaren egitasmoak alde batera utzi eta jarduera aldatzeko eskatzen badu, Mariak bere egitasmo guztiak utzi ditu alde batera eta jarri da Jainkoaren eskuetan: «Hona Jaunaren mirabea. Gerta bedi nigan zure hitzaren arabera».

Imajinatzen al zuen Mariak onartu zuen hura? Gabrielek engainatu egin zuen, hasiera batean bederen, beraren semea handia izango zela esan zionean, Jainkoaren errege-aulkia heredatuko zuela eta errege izango zela, betiko, Jakoben etxean. Ez zion esan beraren semea kritikatua izango zela, deabruak hartutakotzat eta biraolaritzat emango zutela; askoz gutxiago esan zion heriotzara galduko zutela. Baina, hori guztia esan balio ere, Mariak era berean erantzungo zion: «Hona Jaunaren mirabea».

Maria bekatu orotatik aske izateak ez du esan nahi minsor zenik, sorgor gelditu zenik bere semearen nekaldikoan. Esan nahi du, ez zuela dominatu sekula, ez gorrotoak, ez mendeku-nahiak, ez herrak, ez etsipenak. Gabrielek esan zion: «Jainkoak gogoko zaitu». Grazia, bai, baita sufrimendu handia ere. Baina, Gabrielek, bere gezur politak eta guzti, arrazoi zuen. Maria gogoko izan zuen Jainkoak, baita guk ere, zorioneko aldatzen baitugu.

Kristau-tradizio handiko hainbat eta hainbat lurralde eta ingurumenetan gorrotoa eta herra zabal dabiltzan une hauetan, on dugu erregutzea berari «lehen bekatu haren ondorioak gugan garbitu ditzan».

Bedeinkatua Maria, bedeinkatua Jainkoak bedeinkatuak gu geu

Bigarren irakurgaiak ez du aipatzen Maria, Jainko Aitaren eta Jesusen protagonismoa azpimarratzen du. Jai honetan ez da Maria onuradun bakarra. Guk geuk ere hartu ditugu «mota guztietako ondasun espiritual eta zerutarrak». Hautatuak gara, Jainkoaren seme-alaba izateko eginak gara eta, horrenbestez, beraren oinordeko izateko eginak.

Mariak lagundu gaitzala garaitzen gaitzerako joera guztiak eta Jainkoari eskerrak ematen hartu dugun hainbat eta hainbat ongirengatik.

José Luis Sicre