Munduaren azkena?

«Jesusek ez zuen esan: “Jar zaitezte dardaraka, iristear bainago”, baizik eta “saia zaitezte ni itzuli bitartean”».

Emakume adin handiko hark ─adin handikoek eta haurrek egin ohi duten xalotasun handiaz─ kontatzen zuen, sermoi bat entzun zuela behin batean, apaiz batek egina hizketa izugarriz, munduaren azkenaz, suntsituko den eguzkiaz, eroriko diren izarrez, eta, handik irtetean, «hura guztia hain goibela eta tristea izan zelako, gozotegi batera joan nintzen eta pastel bat jan nuen».

Nik neuk antzeko zerbait egingo nuen. Izan ere, beldur naiz, ezen hain konbentziturik banengo segidako bi hilabeteetan munduarenak egingo duela, logikoena izango litzatekeela, mundu hori hobetzen saiatu ordez, neure bihoztxoa lantzeari ematea, gainerakoez ahazturik. Horrenbestez ─badakit─, biak hondatuko nituzke aldi berean: neure bihoztxoa eta mundua. Horrela aurreratu egingo nuke azken honen suntsipena.

Seriosago hitz eginez, esan dezadan, horixe dela kezkatzen nauena gaur egun hain modan dagoen katastrofismoan: gehiago eragiten digu egoismora borroka egitera baino; konbertsioaren esanahi guztia hiltzera prestatzera murrizten du. Eta gauza desberdinak dira biak.

Baina, ekiozu ipuinen jende hori geldiarazteari! Ezer gutxirako izan zen Joan XXIII.a aita santuak zoritxarren profeta horiek estigmatizatu izana. Ordudanik gaur arte biderkatu egin dira. Halere, Roncalli aita santuaren hitzek hor jarraitzen dute: argi dirdaitsu:

«Tarteka-marteka hor iristen zaizkigu, geure ministerioaren eguneroko jardueran, belarriko mila eragiten diguten ahotsak; zenbait jendek, nolabaiteko zaletasun erlijiosok suturik, zentzurik gabe eta gauzak ikusteko modu faltsuaz botatzen dituen ahotsak.

Gizartearen gaur egungo egoeran ez dute ikusten hondamendia eta ezbeharra besterik. Esatera jarriak daude ezen gure aro honek okerrera egin duela, oso sakon egin ere, aurreko mendeen aldean, eta jokatzen dute, historiak, bizitzaren maistra den horrek, ezer irakatsi ez balie bezala… Beharrezkoa iruditzen zaigu gure erabateko desadostasuna adieraztea ezbeharren profeta horiekiko, munduaren azkena kale kantalean balego bezala, etengabe hondamendia iragartzen ari diren horiekiko».

Hain zuzen, munduan gauza asko gaizki daudela jakiteko, ez du inork zertan izan profeta: aski du begiak zabalik edukitzea. Eta egun batean mundu hau bukatu dela eta Jauna itzuliko dela onartzeko, ez du inork zertan izan ikusle; aski du fedea bizitzea. Baina asko desitxuratu behar da Ebanjelioa, Jauna izuarekin eta ikararekin nahasteko. Jesusek ez baitzuen esan: “Jar zaitezte dardaraka, iristear bainago”, baizik eta “saia zaitezte ni itzuli bitartean”».

Horregatik, nik neuk ez dut inolako ikusminik munduaren azkena noiz izango den jakiteko. Oraingoz, hau da dakidan guztia: gaurko egun hau ordu batzuk barru bukatuko dela eta aurtengo urte hau abenduaren 31n amaituko dela eta obligazioa dudala ordu apur hauek eta egun gutxi hauek maitasunez betetzeko.

Bihar ekingo diot biharko orduak betetzearen lanari, eta datorren urtean ─urte hori etortzen bada eta hartan bizi banaiz─ hobeto egiten saiatuko naiz. Eta bost axola zait jada bi aita santu bakarrik etorriko direlako hori, Fontbrune jaunak dioenez balizko San Malakiasek esan omen zuenez.

Oraingoz, daukagun Aita Santua maite dut eta seguru nago maiteko ditudala ─ikusten baditut─ honen ondorengoak ere. Eta ez naute kezkatzen eguzkia eroriko dela esaten ari diren profeta horiek. Gaurkoz aski dut Jainkoari eskerrak ematearekin gaur zeruan ageri den eguzki eder honenagatik.

José Luis Martín Descalzo