GARIZUMA
HAUSTERRE EGUNA
BERROGEIALDIA
PAZKOA HELMUGA

2009-02-25
Benetan, Jainkoaren bila

1.-Bi gai nagusi ditu Pazko-prestaketa den Garizumak: batetik, izangaiak edo katekumenoak bataiorako prestatzea; bestetik baraua. Bi gai hauek bakoitza bere aldetik sortu ziren antzinako kristauen artean. Bakoitzaren iraupena askotarikoa izan zen. Baraua, hasiera batean, bi egunekoa izan zen. Hiru astekoa ere bai gero. Bataiorako prestaketa ere, askotarikoa izan zen iraupenari dagokionez, eta Garizumarekin loturarik gabea hasiera batean.

2.-Berrogeialdi hau, koptoen Elizan, Jesusek basamortuan egin zuen berrogeialdiaren oroitzapen egiteko jaio zen. Badirudi, Garizuma bera hiru ospakizun hauekin lotu gabe jaio zela: bataioa Pazko-prestaketa gisa, izangaiak bataiorako prestatzea eta Jesusen tentazioaren oroitzapena.

3.-Edozein kasutan, Garizuma errealitate sinbolikoa da. Itun Zaharreko eta Berriko gertaerak ditu oinarri. Israeldarrek berrogei urte egin zuten basamortuan. Jesusek berrogei egun egin zuen basamortuan, Joanek Jordan ibaian bataiatu ondoren. Garizuma, beraz, errealitate sinbolikoa da. Garrantzizkoa da sinboloen esanahia aurkitzen saiatzea.

4.-Berrogeialdia inportantea da Biblian. Baina zer esan nahi du? Israeldarrak basamortuan 40 urtez ibili izana. Itun Zaharreko tradizio baten arabera, Jainko Jauna haserre jarri zutelako gertatu omen zitzaien hori. Horrelako uste okerra zuten haiek Jainkoaz: uste zuten gizakia haserretzen den bezala haserretzen dela Jainkoa. Uste okerra. Jesusengan beste era batean ageri da Jainkoa zer den eta nolakoa den: on-ona, maitasun hutsa, bihozbera.

5.- Halere, Itun Zaharrean berean beste modu batera ere hartu zuten. Deuteronomio liburuan, esaterako, beste ikuspegi bat, beste azalpen bat ageri da: Israel herria basamortuan 40 urtez ibili izana probaldia da; Jainkoaren onginahiaren aldia da: Jainkoak aldi horretan gauza harrigarriak egin ditu Israel herriaren alde. Jainkoa Israel herriaren oso hurbileko izan da aldi horretan. Baina probaldia ere izan da. Jainkoak hau agertu nahi izan dio: ez duela izan behar bera beste sostengurik. Fedearen aldia da.

6.-Itun Berriak ere inportantzia handia eman dio berrogeialdiaren sinbolismoari. Besteak beste, Eginak liburuak Jesusen Igokundea Pazko ondoko berrogeigarren egunean jarri du, nahiz badakigun Piztuera eta Igokundea ezin bereizi direla. Dena den, Itun Berriarentzat Itun Zaharreko berrogeialdi hark, basamortukoak, porrota izan zuen bere azkena; beraz, beste berrogeialdi baten aurre-irudi izan zen. Hala diosku, adibidez, Hebrearrei egindako idazkiak: gaur Jainkoaren ahotsa entzuten baduzue, ez gogortu zeuen bihotza haiek gogortu zuten bezala.

7.-Hebrearrei egindako idazki horrek lehenengo Irteera, Egiptotik egindako Irteera zehar aipatzen du hor. Baina beste hau gehitzeko: egun batean beste Irteera bat etorriko dela, eta Irteera hori iritsia dela. Jesusek gurutzean lapurrari «Gaur nirekin izango zara paradisuan» esan dion bezala, hala dio hemen ere idazleak: «Ez gogortu gaur zeuen bihotza».

8.-Jesusek ere berrogeialdia egin zuen basamortuan; eta Israeldarrek izandakoarekin erlazionatua da: haiek desleial izan ziren; Jesus leial; haiek porrot egin zuten; Jesusek tentazioa garaitu. Kristauak bat egin behar du Jesusen tentazio horrekin: Jesusek bezala tentazioa gainditu, leial izan Jainkoari, bere buruari, lagun hurkoari. Gogoan hartu: Garizumako lehenengo igandean Jesusen tentaldiaren pasartea irakurri ohi dugu.

9.-Horra garizumaren lehenengo esanahia. Bataiorako prestaketa-aldia da. Prestaketa hori tentazio-aldia da. Izangaiak edo katekumenoak bi poloren artean egin beharko du borroka: alde batetik, Satanas izango du tiraka; bestetik, Kristo bere erreinura gidatu nahian.

10.-Garizumak baditu, ordea, beste oihartzun bibliko batzuk ere. Bataioko urak, esaterako, bi hauek iradokitzen ditu: batetik, Noe eta haren ontzikoak uholdetik salbatu izana iradokitzen du urak; bestetik, profetek iragarri edo aipatu zituzten ur salbagarria eta Espiritua dakarzkigu burua. Ura hondatzailea da batzuetan Biblian; beste batzuetan salbatzailea. Gogoan hartu Jesusen esana: uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bazara, ez zara sartuko zeruko erreinuan.

11.-Hona beste oihartzun bibliko hau ere. Elias profeta 40 egun eta 40 gau ibili zen basamortuan, Sinai mendira joateko. Moisesek Jainkoa ikusi zuen tokira doa Elias, hau da, Jainkoa Moisesi, profeta handiari, agertu zaion lekura; Jainkoaren agerpenen sorburura. Nolabait esateko, Israel herriak aspaldi egina zuen bizitza errepikatu da horrela Eliasekin. Erlazio hori adierazten dute bi aipamen horiek: basamortuan barna ibili izana eta Sinai mendian egon izana.

12.-Berrogei aldi horrek Jainkoaren agerpen edo gertakari handi baterako prestaketa adierazten du askotan. Hau dio liburu batek: Igo mendira; handik ikusiko duzu zer utzi beharko duzun alde batera, zeri uko egin beharko diozun; 40 egunen ondoren gertatuko da hori; 40 egun horietan irakats iezaiozu herriari ahal duzuen hobekien.

13.- Horrelako prestaketak direla eta, Moises etorri ohi da beti gogora. Baina egiazko Moises beste bat izango da: Jesu Kristo. Horrela, Jesusek basamortuan egindako barauaren esanahia asko aberasten da: Moisesek eta Eliasek izan zuten esperientzia gogorarazten du: herria askatzeko, Moisesek basamortuan ibili behar izan zuen; Eliasek, bera hil nahi zuen erreginari ihes egiteko, basamortuan ibili behar izan zuen. Beste horrenbeste egin du Jesusek. Beste horrenbeste egin beharko Jesusen jarraitzaileak.

14.-Jonas profetarena ere hor dugu. Hau hots egin zuen Jonasek Ninive hiri handi galdu hartan: «Berrogei egun barru, Ninive suntsitua izango da». Niniveko jendeak sinetsi zion, barau egin zuen eta Ninive ez zen suntsitua izan. Baina gaur badakigu, Jonasen prediku hura profezia izan zela: gaur mundu osoari egiten zaion predikua da, konbertsiorako predikua, hurbil den auziari begira. Sinaiko, Niniveko, basamortuko 40 aldi horrek penitentzia-aldia adierazten du. Gaurko Garizumak egiten duen gauza bera. Penitentzia zentzu sano eta jatorrean hartua. Elias profetak bezala, bere ingurunea utzi eta basamortuan borroka egitea, Jainkoa agertu den eta agertuko den lekura iristeko. Azken batean, Jainkoaren bila ibiltzea da penitentzia.

15.-San Agustinek honelatsu agertu du Garizumako penitentziaren alderdi hori: Moisesek, Eliasek, Jesu Kristok barau egin zuten. Adierazteko, ez dugula bat egin behar munduarekin (bekatuzko munduarekin esan nahi du). Baizik eta gizaki zaharra gurutzeratu egin behar dugula. Ez duzue astundu behar zeuen bihotza gehiegi janez eta edanez. Barau egin behar duzue aldi honetan. Garizuma, beraz, alde batetik, Moisesen, Eliasen eta Jesusen baraualdia errepikatzea edo eguneratzea da; bestetik, bizitza osoaren sinboloa da: bizitza osoan nola bizi behar dugun adierazten du.

16.-Garizuma, esana denez, oroitzapena da: Moisesen, Eliasen, Jesusen berrogeialdia oroitzen edo gertaberritzen dugu. Aldi berean, profezia da. Garizuma bera ez da helburu. Beste zerbait du helmuga. Zein da, ordea, helmuga hori? Prestaketa da Garizuma. Tentazio-aldia da, penitentzia-aldia. Ez da gizaki zaharra hondatzea bakarrik. Gainera, agindutako lurralderako prestaketa da. Horregatik du hain lotura handia bataiorako prestaketarekin. Jainkoaren onginahia jaso ahal izateko prestaketa da. Lotura handia du zain-zain egotearekin. Geroko biziaren zain-zain egotearekin.

17.-Pazkoaldirako prestaketa da Garizuma: Pazkoa, Igokundea, Mendekoste. Pazkoa: Jesus mundu honetako bizitzatik bestera igarotzea. Igokundea: Jesus Aitaren altzora joatea, kristau-elkartearen hasiera. Mendekoste: Jesusen Espiritua jaistea. Azken batean, gure Pazkorako, Igokunderako, Mendekosterako prestaketa.

18.-Beste hitz batzuekin, honelatsu deskribatu du Agustinek 40 aldi hau: zeharkatzen ari garen mundu honen irudia da: ez-egonkor diren gauzek, gorabeherek, ez-iraunkorrek osatzen duten mundu honen irudia; beharrezkoa dugu, aldi honetan munduarekiko (bekatuzko mundua, esan nahi da) irrikari uko egitea; horixe adierazten du Garizuma deitu ohi dugun berrogeialdiko barauak. Uko egin bekatuari, gehiegikeriari…

19.-Berrogeialdi horren ondoan, 50 aldia dugu; hau datorren munduaren irudia. «Inork ezin kenduko digun zorion-aldiaren ikurra da 50 zenbakia. Bizitza honetan ez dugu eskura zoriona; halere, Jaunaren nekaldiari eskainitako egunen ondoren, hau da, Jesusen piztueraren eta barau egiteari uzten diogun 50 egunetan, aurrez ospatzen dugu zorionaldi hori, Aleluia abestuz, Jainkoari eskainitako beste hainbat gorespenekin».

20.-Eta Agustin santuaren hitzekin jarraituz: «Pazko aurreko Garizumako aldia bizitza hilkor honetako lanen eta sufrimenduen ikurra da; segidan datozen 50 zorion-egunek, berriz, geroko bizia sinbolizatzen dute, zeinetan Jaunarekin errege izango baikara». Eta beste batean honelatsu dio: Garizuman on egin behar dugu, 50 aldian Jainkoa goratu nahi badugu.

21.-San Agustinek, beraz, historiaren teologia egin du. Alde horretatik, beste sinbolo liturgiko hau ere bikaina da: 7 eguneko astea eta 8. eguna. Lehenengoa aste kosmikoaren sinboloa. 8. eguna, berriz, betikotasunaren sinboloa; kasu honetan, igandea da betikotasunaren sinboloa.

22.-Berrogei egunek mundu honetako aldi osoa irudikatzen dute. 50 egunek, berriz, aldia baino haragoko mundua. Kristautasunaren lehen mendeetako Eliz Gurasoak asko baliatzen ziren sinboloez. Zazpi egunek lehen kreazioaren aldia sinbolizatzen dute; Kristo etorri aurrekoa. Zortzigarren egunak, berriz, kreazio berria, Kristoren piztueran hasi dena, gure bataioan jarraitzen duena, betiko aintzan bere betera iritsiko dena.

23.-Garizuma bihotz-berritzeko deia da. Behin-behineko gauza direnen gainetik behin betikoetara itzultzea. «Itzul zaitezte nigana bihotz guztiaz… Urratu bihotza, eta ez jantziak; itzuli Jaunagana, zeuen Jainkoagana». Garizuma ez da espiritualismo hutsa. Garizuma hasierako ebanjelioak, Hausterre egunekoak, honela laburtzen du Garizuma bizitzea: limosna (gizartearekiko harremanak), otoitza (Jainkoarekiko harremanak), baraua (nork bere burua zaintzea, zentzu zabalean harturik).